Edari ur araztegia osatu du Ahlstrom-Munksjö enpresak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 25a, 16:04

Ur araztaile berria inauguratu du Berastegiko Eldua auzoko paper fabrikak; orain arteko gailuak oinarrizko tratatzea egiten zuen eta orain bigarren mailako tratatze biologikoa ere egingo dute.

Berastegiko Ahlstrom-Munksjö Paper enpresan araztegi planta berria inauguratu dute gaur, orain arteko Edari izenekoaren zabalkundea dena. 2016ko abenduan hasi ziren eraikitzen eta urtebete eman dute araztegia egiten. Aitor Mier Munksjöko HSE managerrak esan duenez, Berastegiko enpresan beti egon dira ekonomia zirkularraren alde. Papera da euren lehengai nagusia eta materiala bera naturala eta biodegradagarria izanda, ezin zutela bestelakorik egin esan du. Berastegiko lantokian jada bazuten ur araztailea, baina harago joan nahi izan dutela esan du Mierrek.

Inauguratu dutenak 1978. urtean egindakoa osatu nahi du. Lehen horrek uraren oinarrizko tratatze fisiko-kimikoa egiten zuen eta horrek ere ura oso ondo garbitzen zuela esan du Gorka Zalakainek, Veolia enpresako Ipar Eremuko Negozio Garapenerako zuzendari teknikariak. «Araztegiak oso ondo egiten zuen bere lana, baina Munskjök kontzientzia handia du ingurumenaren gaian eta beste pauso bat eman nahi izan du», gaineratu du Zalakainek. Veolia Water Technologies enpresa da hain zuzen, araztegi berria egin duen enpresa.

Edari araztegiak 200 metro kubikoko edukiera du eta uraren arazte biologikoa egiten du. Horretarako mundu mailan puntakoak den teknologiak erabiltzen ditu; AnoxKaldnes MBBR (Moving Bed Biological Reactor) teknologia uraren arazte biologikoa egiteko eta Actiflo tekonologia ura gardentzeko. Bi teknikak Veoliak berak patentatuak dira.

Ahlstrom-Munskjö Paper enpresa 1920. urtean sortutako Calparsoro paperfabrikari hartu zion lekukoa.
Hainbat paper mota egin ditu urte hauetan eta une honetan 1964. urtean egindako apustuarekin jarraitzen dute, hau da, zoru, altzari eta eraikinen estalkietan erabiltzeko dekoratze paperak egiten dituzte. 166 pertsonek egiten dute lan Berastegiko enpresan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!