Maitane Irurzun eta Aritz Maiza, garaile Elgoibarren

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 24a, 12:56

Oinkari Dantza Taldeko gazteek Soinu Zahar eta Aurresku Ligako azken jardunaldia irabazi dute, Elgoibarko Herri Antzokian.

Oinkari Dantza Taldeko Maitane Irurzun adunarrak eta Aritz Maiza alegiarrak irabazi dute XX. Soinu Zahar Txapelketako eta XXI. Gipuzkoako Aurresku Ligako azken kanporaketa. Gipuzkoako 28 dantzariren artean onenak izan ziren eskualdekoak.

Elgoibarkoarekin, hirugarren garaikurra lortu du Maitane Irurzunek. Aurrez, Oiartzungo eta Lezoko kanporaketak ere irabaztea lortu zuen adunarrak. Berarekin batera, Elene Zeberio eta Maddi Etxeberria asteasuarrak izan ziren podiumean, biak ere Oinkarikoak.

Aiara Altuna, Idoia Urdangarin, Nahia Gonzalez, Naroa Legarra eta Udane Altuna billabonatarrak; Lorea Zabala adunarra, Ane Crespo eta June Tejeria zizurkildarrak, Miren Zumeta larrauldarra eta Maria Ansa anoetarra ere aritu ziren.

Finala maiatzaren 12an jokatuko da, Legazpin. Sei kanporaketetako irabazleak izango dira bertan: Irurzun bera, Amaia Aizpurua zizurkildarra (Legazpin eta Beasainen irabazi zuen) eta Ane Arrizabalaga legazpiarra.

Aurresku Ligan, berriz, Aritz Maizarentzat ere hirugarren garaipena izan da asteburukoa. Alegiarrak jokatu dituen hiru kanporaketetatik, hirurak eskuratu ditu. Legazpi eta Beasaingo kanporaketak irabazi zituen aurrez. Bigarren Oinkariko Gorka Duran billabonatarra izan zen. Joanes Zubia ibartarrak ere hartu zuen parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!