Duintasuna aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 24a, 12:42

Bi data ditu jomugan LAB sindikatuak. Batetik, ostiraleko Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna eta, bestetik, Maiatzak 1a. Langileen Nazioarteko Egunean manifestazioa egingo du Tolosan.

Asuncion klinikako langileen eta pentsiodunen borrokak ekarri ditu gogora LAB sindikatuak Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren eta Langileen Nazioarteko Egunaren harira antolatuko ekitaldiak aurkezterakoan. Joana Mendez sindikatuko kideak esan duenez, prekarietatea zabaltzen jarraitzen du eta "mendean gaituzten bi estatu antidemokratikoak inboluzio sozial eta politikoan murgilduak daude", hamarkadetan lortutakoa kolokan jarriz. "Asuncion klinikako langileak bost hilabete daramatzate borrokan hitzarmen duin baten alde, bien bitartean gutxi batzuk erakunde publikoetatik jasotzen duten diruarekin aberasten ari dira eta eskualdea bitartean ospitale publikorik gabe jarraitzen du", esan du. Era berean, agintariek ekonomiak hobera egin duela dioten bitartean "hilero-hilero hamaika murrizketa zein kaleratze" daudela esan du eta horiei aurre egin behar zaiela nabarmendu.

Lan Osasunaren Eguna

Lana edukita ere langileek ez dute bermerik bizirik edo osasuntsu itzuliko direnik, esan du Mendezek. Eta mutualitateen papera salatu du: "Langileon osasunarekin jolasten dute, patronalak gure kontura etekinik handienak lortzeko". Hori dela eta, eta "patronala eta instituzioak neurriak hartzera behartzeko" LABek mobilizazioa egingo du ostiralean, hilak 27, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostian 11:30ean bilduko dira, Bilbo plazan. "Bertan Gipuzkoan iaz hildako 15 langileak oroituko ditugu eta langileen aurkako indarkeria patronalarekin amaitzeko exijituko dugu", esan du.

Horiek horrela, M8ko greba feminista eta pentsiodunek abiarazitako borroka ere ekarri ditu gogora: "Erasoaldia bortitza da bai, baina zorionez, aurre egiteko adorea eta indarra erakusten ari gara euskal herritarrak".

"Eraso guztiei" aurre egiteko proposamena ere egin du sindikatu abertzaleak, "guk erabaki nahi dugu, ezkerretik eta feminismotik eredu sozial eta ekonomiko berria nahi eta behar dugulako aldarrikatzen dugu burujabetza". Aldarrikapen horiek egiteko baliatuko dute hain justu, Maiatzaren Lehena. "Lan aldarrikapen eta sozial komunen inguruan indarrak biltzeko garaia da. Baita merkatuak bazterrean dituenak zentrora ekartzekoa ere. Bazterretik zentrora salto egiteko, Maiatzaren Lehenean Tolosako kaleak harrotasunez betetzera goaz", esan du Mendezek. "Lan, bizi eta herri duina helburu, Maiatzaren Lehenean kaleetan topatuko gara. Gora langile borroka", gaineratu du.

Sindikatuak beraz, lan duina lortzeko ekintza sindikala aldarrikatu du, bizi duina bermatzeko erakundeei herritarron gehiengoaren aldeko politikak egin dezatela eskatu du, eta herri duinerako 155a edo demokrazia, zentralizazioa edo subirautza eskatu ditu.

Hitzorduak

Apirilak 27, ostirala

  • Manifestazioa Donostiako Bilbo plazatik abiatuta, 11:30ean, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira.

Maiatzaren Lehena, asteartea

  • Manifestazioa Tolosako Trianguloa plazatik aterata, 12:00etan, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta. Plaza Berrian bukatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!