Mankomunitateko azken batzarrean EH Bilduko ordezkariek ez joateko erabakia hartu zuten. Zergatik?
Badaude pare bat arrazoi pisuzkoak. Batetik, eskaera egina zegoen adostasunez Aranzadiri eskatutako txostenaren aurkezpena antolatu behar zela, eta hori ez zuen nahi izan Mankomunitatean zegoen gehiengoak. Horrekin batera, eraso gisa har daitekeen protesta bat izan zen gure udal bateko ordezkari baten aurka [Iñaki Aizpuru, Itsasondoko ordezkaria], eta ez dugu uste hori bidezkoa denik, inondik inora. Eta iruditu zitzaigun ez zegoela behar bezalako baldintzarik hausnarketa eta gogoeta lasaia eta zentzuduna egiteko.
Hurrengo batzarretara joateko asmorik duzue?
Batzar bakoitzean gai zerrenda bat izango da. Zerrenda horren arabera eta lehendakaritzaren eta beste udalen jarreraren arabera, erabakiko dugu joan ala ez. Egin beharreko gogoeta da Enirio-Aralar Mankomunitatean gauzak asko gaiztotu direla azken bolada honetan. Gure ustez legealdi honetan mankomunitatearen lehendakaritza duen Santamaria jaunak eta EAJk oso jarrera partziala hartu dute. Batzuek eskatu dutena oso-osorik betetzera joan dira, baina beste inori kasurik egin gabe. Ez dugu uste hori denik biderik egokiena mankomunitate bat interes orokorraren arabera kudeatzeko.
Kudeaketa partzialaren adibiderik eman dezakezu?
Ezin da ahaztu Mankomunitateak kudeatzen duena Parke Natural bat dela, aspaldian Eusko Jaurlaritzak izendatua, eta Parke Natural baten eginkizun nagusia bere ingurumen balioak mantentzea, errespetatzea eta gordetzea dela. Beraz, ezin da ulertu, eta errespetu osoz, edozein eragilek eskatutako eskaera guztiak ehuneko ehunean betetzea, beste inori kasurik egin gabe. Orain arte Mankomunitateak onartu duen kudeaketa plana izan da ehuneko ehun abeltzainek eskatu diotena. Abeltzainek errespetua merezi dute, eragile garrantzitsuak dira, kontuan hartu beharrekoak, baina ez dira bakarrak. Mankomunitatearen barruan dauden interes guztiak kontuan hartu behar dira.
Kudeaketa plana 2016an onartu zen. EH Bildutik, Amezketa, Orendain eta Ataungo ordezkariek baiezkoa bozkatu zuten. EH Bilduren beste lau ordezkariak ez ziren sartu batzarrera. Koalizioaren barruan izaten ari diren tirabiren adibide da hori. Zer irakurketa egiten duzu?
Beti esan izan da EH Bildu koalizio irekia, zabala eta anitza dela, eta kasu honetan hori begi bistan geratzen da. Gai horiek jorratzeko garaian, ordezkari bakoitzak bere iritzi pertsonala edo bere herriaren iritzia bakarrik hartzen badu kontuan, edo lehen esan dudan bezala, ganaduzalea izan edo ez, ikuspegi partziala baldin badu soilik, zaila da denok iritzi eta jarrera bateratu bat edukitzea. EH Bildutik saiakerak egin dira iritziak bateratzeko, baina ez da posible izan, ordezkarietako batzuk ikuspegi partzial horiek lehenetsi izan dituztelako. Eta hori izan da gure arazoa neurri batean, baina horrek erakusten du erakunde bateko ordezkariak bere iritziak gauza guztien gainetik jartzen baditu, horrelako arazoak sor daitezkeela. Espero dugu etorkizunean hori bideratzea.
Nola bideratuko da? Esaterako, azken batzarrean Amezketako ordezkaria, Ainhoa Zuriarrain, bertan izan zen, beste EH Bildukoak joan ez ziren bitartean.
Mankomunitateko ordezkariak ez dira alderdi batekoak edo bestekoak, herri batekoak dira. Bere garaian legealdi hasieran Amezketako Udalak erabaki zuen bere ordezkaria pertsona bat izango zela. Orain Amezketako Udalak aztertu beharko du ordezkaritza hori egokia den ala ez, eta aldatu behar duen ala ez.
Etorkizunera begira, uste dugu gai honek garrantzi berezia duela. Egin behar diren txosten guztiak aztertu ondoren, gure jarrera zein izan behar den ondo finkatu behar dugu, eta hori gure programetan dagoenean, eta gure hautagaiek hori defendatzeko konpromisoa hartzen dutenean, orduan bai exijitu ahal izango zaie denon artean adostu dugun hori betetzea.
Aranzadiren txostena mankomunitatean aurkeztea jorratu zenean, polemika izan zen EH Bilduko eta EAJko kideen artean, txostenaren eskatzaileari buruz.
Ikusita zer lotsa gutxi izan duten batzuk, nabarmena dena ukatzeko, nik gauza batzuk argi eta garbi esan behar ditut. Lehenengo interlokuzio saiakera EAJk berak eskatu zigun guri 2017ko hasieran, eta gaiari buelta batzuk eman eta gero, pentsatu genuen ona zela berez gatazkatsua eta giro txarra sortu zuen gai bat, ahal izanez gero elkarrizketaren bidez bideratzea. 2017an zehar hiru bilera zehatz egin ziren EAJ eta EH Bilduko ordezkarien artean. Bakoitzetik hiru ordezkari ginen, eta hiru bileretan ordezkaritza berdina mantendu zen. Lehenengoan adostu genuena izan zen, konponbide bat bilatze aldera, prestigioa zuen elkarte zientifiko bati eskatu behar geniola gaia aztertzea. Eta adostu genuen Aranzadi izango zela, eta txosten hori 2017ko martxoan eskatu genuen. Txostena aurkeztu zigun EAJri eta EH Bilduri. Eta txosten horren ondorio nagusia zen, Aralarren beste edozer egin baino lehenago, bertako larreen azterketa eta plangintza egin behar zela, hau da, Larreen Antolaketarako Plana (LAN) deritzona. Baina EAJri ez zitzaion gustatu egiten zen eskari hori, eta esan zuen berak zituen asmoetarako ez ziola balio txosten horrek eta ez zuela aintzat hartuko.
Eta zein da zuen erantzuna horren aurrean?
Guretzat Aranzadi bada eragile garrantzitsua, hamarkadetako lan oso serioa egin duena, eta orain ere gure ustez hala egin du. Esaten du Aralarren bai ingurumen helburu horiek bete ahal izateko, bai bertan zeresana duten eragileek, hasi artzainak, abeltzainak, ingurumen zaintzaileak, mendizaleak, denen arteko interesak ondo aztertzeko, derrigorrezkoa dela jasotzea larreen antolakuntza bat. Eta beste gauza batzuen artean, ea Aralarren zenbat ardik, behik eta behorrek bazkatu dezaketen. Eta lan hori derrigorrezkoa da. EAJk ez du egin nahi izan. Eta orduan, nahiz eta berez hori ez litzatekeen gure ardura zuzena, EH Bilduk eskatuko du plan hori egitea eta guk ordainduko dugu.
Kudeaketa Planean pistak egitea aurreikusten da. Zer iritzi duzue?
Nork bermatzen du kudeaketa plan horretan esaten diren pistak eginez gero artzaintzak iraungo duela beste ehunka urte? Artzaintzak eta Aralarrek zailtasun batzuk dituzte, eta gerta daiteke epe motzera artzainek eta abeltzainek eskatzen dituzten pista horiek lagungarri izatea, baina epe ertain edo luzera beraientzat ere kaltegarri izatea, eta Aralarrentzat kaltegarri izatea. Hori aztertu egin behar da, horrelako zerbait egin aurretik.
Orain arte egin dena Goroskintxuko pista izan da. Aurreko legealditik adostasunez zetorren pista bat zen, baina egin den moduaren inguruan iritzi ezberdinak daude. Eta ez dugu ahaztu behar epaileek tramitera onartua duten salaketa bat dagoela, eta Mendietako zuzendariak epaitegitik pasa behar izan duela. Kudeaketa planak beste pista batzuk aurreikusten ditu. Gure ustez ez daude inondik inora justifikatuak, ez dago bermatua pista horiek lagungarri izango diren ala ez artzaintzarako. Horiek guztiak argitu bitartean, ez da pista berririk egin behar Aralarren. Azken urteetan ardiburuak jaisten joan dira eta gorantz doazenak behorrak eta behiak dira. Gauza asko neurtu behar dira mendian makinak sartu eta erremediorik ez duen zerbait egin aurretik. Gu mundu guztiarekin hitz egiteko prest egon gara eta gaude. Uste dugu Aralarren etorkizuna denon artean erabaki behar dugula.