Astelehenek asko dute duintasunetik

Ataria 2018ko api. 23a, 13:52

Pentsiodunak kalera irten dira, beste behin ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Azken asteotan "aurrerapauso" ugari izan direla nabarmendu dute.

Beste duintasun erakustaldi bat eman dute pentsiodunek. Eta makina bat dira dagoeneko. Pentsio justu eta duinaren alde lelopean, dozenaka izan dira Tolosako kaleetara irten diren pentsiodunak, Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak eta Bizi Nahi jubilatuen elkarteek eta Duintasuna plataformak deituta, pentsio duinak eskatzeko asmoz.

Elkarretaratzea eta manifestazioa egin dituzte, eta amaieran, helburuak lortzeko bidean hainbat albiste positibo izan direla nabarmendu dute.

Alde batetik, azaldu dute Espainia mailako sindikatu eta pentsiodunen hainbat elkartek, auzitara eraman dutela Espainiako Gobernuaren azken proposamena. Bada, Estrasburgoko auzitegiak tramitera onartu du helegitea eta erabaki hori txalotu dute gaurkoan.

Bestalde, jubilatu elkarteen eta hainbat plataformaren arteko batasuna goraipatu dute. Hain zuzen, beste bi manifestazio burutuko dituzte maiatzean, 5ean eta 26an, Donostian. «Eragile guztiok batera antolatu ditugu mobilizazioak, eta hori oso garrantzitsua da», azaldu dute.

Eskualde mailan ere konpromiso horri eusten diotela gaineratu dute. Uneotan elkarlanean ari dira Tolosan eta Ibarran. Maiatzean Amasa-Villabonara zabalduko dute dinamika, eta uda ostean, eskualde osora. «Pankarta sinatu dugun elkarte guztiak elkarlanean aritzeko borondatea dugu, eta horrela jarraituko dugu. Pentsaera ezberdina dugu guztiok, baina gauza bera nahi dugu, eta horrela lortuko dugu».

Elkarlan horren emaitzetako bat bihar azaleratuko da, hain zuzen. EAJ, EH Bildu eta PSErekin bildu ostean, idatzi bat igorri zioten Tolosako Udalari pentsiodunek, eta azaldu duten moduan, alderdi guztiek «bere egin dituzte eskakizunak». Biharko plenoan, hain justu, gai-ordeneko lehen puntua izango da pentsioena. Pentsiodunei bertaratzeko dei egin diete elkarteek.

Bien bitartean, bi astez behin, astelehenetan kaleak duintasunez betetzen jarraituko dute pentsiodunek. Hurrengo hitzordua maiatzaren 7rako jarri dute: Tolosako Plaza Zaharrean, 12:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!