«Guk hasiera-hasieratik garbi eduki dugu ez genuela leku estatiko bat nahi»

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 20a, 08:00

Arantxa Zabala aurretik Zizurkilgo liburuzaina izan zen, eta orain, Irene Urruzolarekin batera darama Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiaren ardura. Bi urte hauen errepasoa egin du.

Zein balorazio egiten duzue orain arteko ibilbideaz?

Gure balorazioa ezin hobea da. Oso pozik gaude egiten ari garen lanarekin eta herritarrek ere sumatzen dute hori. Pozik hartzen dute liburutegiko dinamika. Proiektu batekin hasi ginen eta horrekin segitzen dugu: bailarari begira aritzea zen asmoa eta horrela gabiltza. Alde horretatik oso pozik gaude, geroz eta jende gehiago etortzen zaigulako inguruko herrietatik, hemengo aktibitateez galdetuz eta parte hartzeko gogoz.

Espazioa bera ere berritzailea da eta toki pribilegiatuan dago liburutegia.

Horrek asko laguntzen du. Lehen liburutegia kultur etxe barruan zen, lehen solairuan eta herritarrengandik urrutiago bezala. Orain plazara begira gaude, kristaldegi izugarri batekin eta fisikoki hemen egoteak asko lagundu du. Espazio zabalak eta edukiz hornitutakoak ditugu.

Liburutegira gerturatzen den jendearen perfila zein da?

Liburutegi guztietan bezala, lehenik eta behin ikasleak. Eskolako lanak egiteko leku aproposa da eta beharrezkoa duten materiala ere eskuratu dezakete. Isiltasuna behar dutenentzako ikasgela dago eta orain oposizioak prestatzen ari den jendea dabil. Egunkariak eta aldizkariak irakurtzera eta Interneten ibiltzera datozenak ere asko dira. Gurasoak umeekin etortzen zaizkigu, eta esan liteke, horiek direla liburutegiaren nagusiak. Eta gu pozik! Larunbat goizetan irekita egoteak ere asko laguntzen du.

Bi liburuzain ari zarete. Zein da zuen egitekoa?

Guk garbi eduki dugu hasiera hasieratik ez genuela leku estatiko bat nahi. Liburutegi dinamiko bat kontzebitu genuen duela bi urte. Horretarako zenbait ekimen antolatu ditugu. Guretzako inportanteena herriko talde eta eragileekin hilero egiten duguna da: Ipuinen unibertsoa familian. Guraso elkarteek, bertsozaleek, abesbatzetako kideek eta Aizan talde feministak hartu dute parte, besteak beste, eta haiek arduratu dira umeei ipuin bat kontatzeaz. Jendeak lantzen duen ekimen bat da eta oso maitea dugu. Arrakasta handia du eta beti betetzen da liburutegia.

Ez da antolatu duzuen gauza bakarra.

Bookface erakusketa egin genuen, liburua eta irakurlearen aurpegiarekin osatutako argazkiekin osatua. Sare sozialetan asko mugitu da eta arrakastatsua izan da. Booktrailer lehiaketa ere egin genuen DBHko ikasleei zuzenduta, teknologia berriei lekua eginez. Beste erakusketa asko ere antolatzen dira hemen eta horren harira, artistek tailerrak eskaini izan dituzte hemen, interesgarri joan direnak. Motxila ibiltaria delakoarekin ere asmatu dugula esango nuke. Umeentzako iruditzen zaizkigun materialekin (CD, DVD, liburuak) eta gurasoentzako oparitxoren batekin motxila pertsonalizatu bat osatzen dugu eta misio bat proposatzen diegu familiei: Plazida Otaño bat irudikatu dezatela. Margo horiekin gero erakusketa bat egin asmo dugu.

Emakumeen Txokoan zer egiten duzue?

Geroz eta gehiago eskatzen dizkigute hezitzaile eta gurasoek, maskulinitate eta feminismoari buruzko gaiekin lotutako liburuak. Orduan pentsatu genuen hezkidetza txoko bat jartzea liburutegian, beste familia eredu batzuk, etorkinen fenomenoa, pobrezia... horrelako gaiak lantzen dituzten materialak jarri ditugu apal horretan.

Haurrentzat bai, helduak nola harrapatu?

Ingelesezko mintzapraktika saioak eskaintzen ditu jatorriz holandarra den Karin van der Worp larrauldarrak eta 12 lagunek hartzen dute parte. Maiatza Saltsan ekimenaren barruan, aurten literatur tertulia bat antolatu dugu eta Laura esaten zioten Miren Odriozola internazionalistaren borroka jasotzen duen Leire Ibargurenen liburuaz hitz egingo dugu. Egilea eta protagonista bertan izango dira, baliatuz El Salvadorreko lagunak gure artean izango ditugula gure senidetzea medio.

Nola ikusten duzu irakurzaletasuna gaur egun?

Literatura dago gizartea dagoen bezala. Isla da. Gizarteak nahi ditu azaleko gauzak. Ez dugu asko sakondu nahi izaten, ez dugu pentsatzera garamatzan literatura nahi. Arinak, azkarrak, kontzentrazio gutxi eskatzen duten eta berehala engantxatzen gaituzten liburuak nahi ditugu; misterio, suspentse, nobela beltza eta best seller delakoek izugarrizko arrakasta dute azken urte hauetan. Egia da, jende askok ebook-etan irakurtzen duela eta datu horiek ere ez dauzkagu esku artean. Nik ez nuke esango gutxi irakurtzen denik. Gutxiengoa izango dira baina etortzen direnek asko irakurtzen dute, etengabe liburu bat bestearen atzetik.

 

II. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak

Liburutegiaren bigarren urteurrenak bat egingo du Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, eta horren harira, zenbait ekitaldi antolatu dituzte gaurko. Juan Kruz Igerabideren Abezedario Titirijario libururako Elena Launak egindako ilustrazioak jarriko dituzte 17:00etan Plazida Otañoko erakusketa gelan. Ilustrazio horien inguruko argibideak emango dizkie Adunako idazleak bertaratzen diren helduei. Ondoren, liburuari lotutako hitzaldi tailerra eskainiko die 6 eta 10 urte bitarteko umeei. 17:30etik 19:30era bitartean izango da liburutegian bertan.

Astelehenean, Liburuaren Nazioarteko Egunean, maileguan hartzen diren liburuekin batera paperez egindako arrosak emango dituzte oparitan. Daniel Dorronsoro zizurkildarra papiroflexian aditua da eta bere eskutik jaso ahal izango dira arrosak 17:00etatik 19:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!