Berazubiko buelta bakoitzeko euro bat, Sahararen alde

Mikel Iraola 2018ko api. 19a, 16:33

Bueltaka ekimenaren bigarren edizioa antolatu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Maiatzaren 20an ospatuko da Berazubi estadioan, eta atletismo pistan emandako buelta bakoitzeko euro bateko laguntza eskatuko dute.

Tolosaldea Sahararekin elkartea hasia da Maiatza Borrokan egitasmoko egitaraua osatzen. Maiatzaren 10etik 20ra bitartean ospatuko dute, eta oraindik guztiz zehaztu ez duten arren, aurreratu dute sahararren borrokaren inguruko liburu bat aurkeztuko dutela jendaurrean.

Horrez gain, eta urtero egiten duten moduan, erresistentzia haima jarriko dute Trianguloan hilaren 11tik 13ra, eta kulturarekin eta gastronomiarekin lotutako ekintzak egingo dituzte sahararrek.

Beste ekitaldi baten berri ere eman du Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Iaz, Bueltaka izeneko kirol ekintza solidarioa antolatu zuten, eta arrakasta ikusirik, bigarren edizioa antolatzea erabaki dute aurten, maiatzaren 20rako.

Berazubi estadioan bueltaka aritzea da asmoa, –lehiatzeko asmorik gabe– eta atletismo pistari emandako buelta bakoitzeko, euro bateko laguntza eskatuko dute. Modu horretara errefuxiatuen kanpalekuetatik haurrak ekartzeak duen kostuari aurre egin nahi diete.

Taldeka edo bakarka parte hartu ahal izango da. Taldeka izena ematen dutenei, 100 euroren truke maratoi bat osatzeko erronka botatzen diete, hau da, nahi bezala antolatuta, erreleboka 105 itzuli egitea. Iaz 15 talde aritu ziren helburu horrekin. Aurten, enpresa, saltoki eta elkarteei ere luzatuko diete deia, eta kopuruz igotzea espero dute.

Norbanakoek ere izango dute parte hartu ahal izango dute. «Oinez egiteko aukera ere jarri dugu. Helburua da guztiek parte hartu ahal izatea, eta beraz, kale batzuk libre izango dira», azaldu dute antolatzaileek. Iaz, norbanakoek 800 kilometro egin zituzten.

Hiru edo lau haur ekartzeko helburua

Oporrak bakean egitasmoaren bitartez, errefuxiatuen kanpalekuetatik haur sahararrak iristen dira Euskal Herrira, udako bi hilabeteak hemen igarotzeko. Harrera familiek hartzen dituzte haurrak, baina horiez gain, aterpetxe bat antolatzen dute eskualdeko herriren batean. Baina horrek badu kostua: bidaiak eta bi hilabeteko mantenuak 1.500 euroko gastua du haur bakoitzeko.

Bada, Berazubin lortzen duten diruarekin, gastu horiei aurre egin nahi diete. Joan den urteko lehen edizioan bi haur ekartzeko adina diru lortu zuten Bueltaka ekimenaren bitartez, eta aurten gehiago ekartzeko helburua jarri dute. «Aurten jende gehiago joatea espero dugu, eta hiru edo lau haur ekartzeko adina diru lortzea da gure asmoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!