Eskualdeko 15 herritan euskarak Interneten duen egoera aztertuko dute

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 19a, 11:59

PuntuEUS Fundazioak eta UEMAk elkarlana abiatu dute, ingurune digitalean herriz herri eragiteko asmoz. 85 herritako webguneak analizatuko dituzte eta domeinuetan eragiteko ekimen aitzindariak abiaraziko dira.

PuntuEUS Fundazioak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren herrietan euskarak interneten duen presentziaren inguruko azterketa egingo du.

Horretarako tresna informatiko bat sortu dute, eta 85 herrietako erakunde, elkarte, enpresa eta norbanakoren 8.000 webgune aztertuko dituzte. Hitzarmenak 245.000 biztanle inguruko lurguneari eragiten dio. Eskualdeko 15 herri dira UEMAko kide: Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosa.

Ekintza-plan zehatza

UEMAk udaletara bidaliko du udalerriari dagokion azterketa, eta euskara teknikariek izango dute garatu duten tresnarako sarbidea. Horrela, interneten euskara sustatzeko ekimenak abiarazi ahal izango dituzte.

Besteak beste, herriko webgune horietan .EUS domeinuaren erabilera eta euskarazko edukia argitaratzea sustatu nahi dute, baita 'Interneten ere Lehen Hitza euskaraz' kanpainaren baitako ekimenak ere. Horrez gain, ikastetxeekin eta udalaren menpeko erakundeekin nabigatzaileak euskaraz jartzeko neurriak jartzea adostu dute hitzarmenean.

Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, maila lokalean eragiteak euskararen egoera hobetu dezake: "Udalerri mailan, euskara-teknikariekin elkarlanean, estrategia eraginkorragoak landu ditzakegula webgunez webgune eragiteko".

Lehen hitza, euskaraz

Hala ere, internet erabiltzeko garaian erabiltzaileek euskararen aldeko hautua egitea garrantzitsua dela azpimarratu dute bi aldeek. "Eskaintzan eragiteaz gain, eskarian ere eragitea ezinbestekoa da".

Horretarako, PuntuEUS Fundazioak iaz abiatutako Interneten ere Lehen Hitza euskaraz kanpaina izango da oinarri. Kanpainan bildutako datuen arabera, %2 edo 3k baino ez du euskaraz nabigatzen, eta kopurua beherantz doa, nabigazioa gero eta mugikorragoa delako eta ez dagoelako ohiturarik mugikorrak euskaraz izateko. Horregatik, erabilera hori aktibatu nahi dute PuntuEUSek eta UEMAk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!