«Orain arte burutu ditudan ikasketa guztiak zorionez, euskaraz izan dira»

Babestutako edukia 2018ko api. 19a, 19:01

Ane Salbarredi Inmakulada ikastetxeko ikaslea da. Erizaintza Laguntzaileko gradua egin du; praktikak Uzturre egoitzan eta Asuncion klinikan egin ditu.

Zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketa ikastea? Euskaraz ikasteko aukerarik izan al duzu?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu ostean zalantza asko izan nituen nondik jo erabakitzeko. Inguruan Lanbide Heziketa egindako jende gehiago nuen, eta beraiekin hitz egin eta hainbat ate irekitako ekitaldietara joan ostean, azkenean Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan amaitu nuen. Bai, orain arte burutu ditudan ikasketa guztiak zorionez, euskaraz izan dira.

Zer ziklo aukeratu zenuen? Zer moduz joan zitzaizun?

Hemen ere buruari hainbat buelta eman eta gero, azkenean Erizaintza Laguntzaileko gradua egitea erabaki nuen, eta ez naiz damutzen. Asko gustatzen zaidan arloa da osasungintza.

Non egin zenituen praktikak? Baliagarriak egin zaizkizu? 

Praktiketan asko ikasiko nuela banekienez, praktikaldia zatitu eta bi toki ezberdinetan egitea erabaki nuen; lehendabizi Tolosako Uzturre zahar egoitzan egon nintzen, eta ondoren bigarren zatia Tolosako Asuncion klinikan amaitu nuen. Ikasketa berdineko lana bazen ere, erabat mundu ezberdinak zirela ikusi nuen, asko ikasteko aukera izan nuen.

Zeintzuk ziren zure espektatibak? 

Argi nuen ikasten jarraitu, eta beste zikloren batekin formatu nahi nuela, baina lan munduari ere ez nizkion ateak itxi. Egun, biak uztartzen ditut, eskola eta erizain laguntzaile gisa lanean.

Zein da zure egoera laborala? 

Praktikak amaitu eta gutxira lanean hasi nintzen, eta ordutik gaur arte, jarraian aritzeko aukera izan dut toki ezberdinetan erizain laguntzaile bezala, zorte handia izan dut.

Txoritxo batek Goi mailako Gizartertzea egiten ari zarela esan dit; zer nolako sarbidea egin duzu? 

Bai, nahiz eta osasun arloarekin ez duen harreman zuzenik, hau ere aspaldian gustatzen zitzaidan ziklo bat da. Ikasturte amaierara gerturatzen ari gara eta oso gustura nago egiten ari naizenarekin.

Erizaintza laguntzailea Erdi Maila izanik ere egun sarbideko froga egin gabe Goi Mailako zikloa egiteko aukera izan dut eta hori abantaila handia izan da ikasten jarraitzeko.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolaren metodologia ETHAZI edo erronkatan oinarritzen da. Esplikatuko zenuke zertan datzan? 

Orain arte gehienok ezagutu dugu ikasgelara joan, irakaslearen sermoi luzeak entzun eta azterketa biharamunean presaka ikasi ezinik ibiltzearen larritasuna. Orain dugun metodologia berri hau erabat ezberdina da; ez dago bakarkako lanik, ez eta irakasleen txaparik ere.

Izenak dioen bezala, irakasleek erronka edo arazo bat aurkezten digute, eta guk hiruko talde txikietan honi konponbide bat eman behar izaten diogu. Konponbide horretara iristeko, hasteko, aurkitu beharreko informazio eta parametroak zeintzuk diren azaltzen dizkigu irakasleak, eta behin hori jakinda, ekiten diogu lanari. Behar dugun informazioa aurkitu, eta txostenak osatzen ditugu. Behin hau eginda, kasu erreal bat bailitzan irtenbide bat eman behar diogu arazoari. Erronka amaitzeko irakasleen aurrean aurkezpenak edo azterketa txikiak egiten ditugu.

Gustura zaude egindako aukerarekin eta lortu duzunarekin?

Bai oso gustura, ikasturtea ohartzerako igaro zait, aste gutxi barru udako oporretan izango garenik ez dut sinisten! Ikasketa teoriko eta hitz teknikoak ikasteaz gain, neure buruarekin hainbat hausnarketa egin eta ondorio propioak ateratzeko balio didala da, arlo honengandik gehien gustatzen zaidana.

Gomedatuko zenuke Lanbide Heziketa egitea? Zergatik? 

Niri oso ondo joan zait orain arte, eta emaitza positiboak izan ditut. Gustuko arloa zein den jakitea izaten da askotan zailena, eta gustatzen zaiona Lanbide Heziketakoa bada, jakina animatuko nukeela! Unibertsitateak bezain beste balio digu Lanbide Heziketak ere, nahiz eta askok hala ez uste.

Erlazionatuak

Eskualdeko Lanbide Heziketari so

Iñigo Terradillos 2018 api 15 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!