Maiatzean abiaraziko dute Tolosaldeko emakumeen etxea sortzeko parte hartze prozesua

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 19a, 09:48

Talde motorra osatu du asanblada feministak, lehen urratsa emanez; parte hartze prozesua datorren abenduan biribiltzea aurreikusi dute.

Joan den ekainean, emakume talde batek mahai gainean jarri zuen, Tolosako berdintasun batzordeko eskaera historiko bat: emakumeen etxea sortzeko beharra. Besteak beste, lehen batzar irekia antolatu zuten, eta baita Tolosako Udalari gutuna idatzi ere, etxea sortzeko parte hartze prozesua «lehenbailehen» abiarazteko eskatuz. Bada, eman dituzte lehen urratsak, eta Tolosaldeko asanblada feministak osatu du, jada, parte hartze prozesuko talde motorra; maiatzean ekingo diote bideari.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko greba baloratzeko bilkura deitua zuen asanblada feministak, joan den asteartean, eta «gauza asko agerian uzteko» greba izan zela nabarmendu zuten, antolakuntzako kideek: «Geure burua zoriontzeko moduan gaude emakumeok, egun handia izan baitzen. Gauza asko agerian utzi genituen, eta horiei erantzun bat emateko beharra dago orain». Bide horretan, hurrengo martxoaren 8ari begirako erronkak dituzte, orain, hizpide, Tolosaldeko nahiz Gipuzkoako asanblada feministek, eta bi hilean behin elkartzen jarraituko dute.

Ordea, bestelakoa zen joan den astearteko deialdiaren helburu nagusia: Tolosaldeko emakumeen etxea sortzeko lehen urratsak ematea.

Tolosako berdintasun batzordeko zenbait kidek urteak zeramatzaten etxe baten beharra aldarrikatzen, eta joan den agintaldian gaia hizpide izan baldin bazen ere, iazko ekainean ekin zioten, etxearen aldeko mugimendua saretzeari: 300 sinadura bilduta, parte hartze prozesu bat abiaraztea eskatu zioten udalari, eskualdeko emakumeen etxea sortze bidean.

Horrela, emakumeek nahi bezain azkar izan ez bada ere, Tolosako Udalak osatu du jada hezurdura, eta hiru fase bereizi ditu prozesuan; maiatza hasieran martxan jarriko dute.

HIRU FORO ETA ETXE BAT

Tolosaldeko emakumeen etxearen ibilbidea hasteko, Tolosako Udalak aurkezpen bilera batera deituko ditu eskualdeko emakume guztiak. Bertan, besteak beste, emakumeen etxeen marrazki bat eskainiko diete bertaratuei, eskain ditzaketen zerbitzu eta saioak azalduz; astearteko bileran ere, Donostiako emakumeen etxea izan zuten eredu.

Behin proiektuaren ezaugarri nagusiak plazaratuta, hiru foro nagusi izango ditu, emakumeen etxea osatzeko prozesuak. Batetik, talde politiko-teknikoa ariko da, eta bertan elkartuko dira udalbatzako alderdietako ordezkariak eskualdeko bi alkate ere sartzear dira, berdintasun teknikariak eta berdintasun batzordeko ordezkaria.

Era berean, talde motorrak elikatuko du, hein handi batean, emakumeen etxea sortzeko prozesua: eskualdeko emakumeen ahots izan litezkeen 15 ordezkari elkartuko dira bertan, eta «konpromisoz» lan egin beharko dute datozen asteotan. Uda bitarte, lau saio egingo ditu talde motorrak, eta zenbait irizpide edo arau zehaztu beharko dituzte. Emakumeen etxearen aldeko lan taldeak ezinbestekotzat jo zuen talde motorreko kideek jakin-min feminista izatea, eta kideetakoren batzuk mugimendu feministan eskarmentudunak izatea. Halaber, eskualdeko herrietako emakumeak, jatorri anitzeko emakumeak, eragileetako emakumeak, landa eremuko emakumeak, erretirodunak nahiz LGTBI+ kolektiboko ordezkariak foro horretan aritzea ere komenigarritzat jo zuten.

Azkenik, hirugarren foroa Tolosaldeko asanblada feminista bera izango da, eta parte hartze prozesuaren nondik norakoen berri jasoko du, aldian-aldian.

Datozen lau saioetan, etxearen helburuak, lan-ildoak nahiz bestelako erabakiak hartuko dituzte, eta irailean gauza gehiagori helduko diete: etxearen izena, erabilera irizpideak, araudia, espazioa,... Aurreikuspenen arabera, datorren abendurako amaituko da, Tolosaldeko emakumeen etxea sortzeko parte hartze prozesua.

Edozein zalantza argitzeko, emakumeenetxeatolosaldea@ gmail.com helbide elektronikoa baliatuko du, Tolosaldeko asanblada feministak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!