«Elkartasuna agertzeko modu bakarrenetakoak dira manifestazioak»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 19a, 09:06
Maider Agirrebarrena Beldarrain lizartzarrak anaia du kartzelan, eta Gotzone Ijurko Esnaola txaramarrak alaba.

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izan zen asteartean. Tolosaldean 12 preso politiko daude; 11 Espainian daude eta bakarra Frantzian. Euskal Herrian azken hamarkadetan bizi den egoera bukatuta eta «eszenatoki berri batean» egonda presoen egoera aldatzeko beharraz hitz egiten dute senitartekoek. Izan ere, lehen urratsa presoen euskal herriratzea izan beharko litzatekeela uste dute, «dispertsioaren drama» bukatuz.

Hori da hain justu, larunbatean Bilbon, Bada garaia! Presoak kalera. Konponbidea, bakea eta askatasuna lelopean, egingo den manifestazioan eskatuko dena. Deialdia Kalera Kalera dinamikak eta Sortuk egin dute eta presoen senitartekoentzat berebiziko garrantzia du manifestazio jendetsua egiteak. «Presoek beti galdetzen digute manifestazioan zenbat jende egon zen. Babes hori behar dute eta behar dugu. Babesa jasoko ez balute, ezingo lukete aurrera jarraitu», esan du Lizartzako Aitor Agirrebarrena Beldarrain presoaren arrebak, Maiderrek. 18 urte dira lizartzarra espetxean dagoela eta Espainiako zein Frantziako hainbat kartzela ezagutu ditu. Orain Puerto III espetxean dago, Cadizen (Andaluzia, Espainia), etxetik 1.050 kilometrotara. Gotzone Ijurko Esnaola txaramarrak alaba du kartzelan, Maite Aranalde. 13 urte dira espetxean dagoela eta «dena ondo» urrian bukatuko du betetzen ari den zigorra. Frantzian dago, Rennes espetxean, etxetik 800 kilometrotara.

Abenduan Parisen, urtero- urtero urtarrilean Bilbon, hileko azken ostiraletan herrietan... presoentzat ezinbestekoak dira babes erakustaldi horiek, ezta?

Gotzone Ijurko: Oso garrantzitsuak dira, pentsa Altsasuko auzipetuak babesteko egindako Iruñeko manifestazioak suposatzen diena. Aurrera egiteko indarra ematen die.

Maider Agirrebarrena: Askotan pentsatzen dugu manifestazioek ez dutela ezertarako balio, ez diegu sinesgarritasunik ematen, nolabait esateko. Manifestazio asko egin dira, oso jendetsuak asko, eta badirudi ez dutela ezertarako balio, baina ez da horrela. Manifestazioak, batetik, elkartasuna agertzeko modu bakarrenetakoak dira, bai presoentzat eta bai senideentzat ere, eta, bestetik, agerikoa da manifestazio eta borroken bidez lortu dela estatuak mugiaraztea. Edozein aldaketa eman denean kaleko mobilizazioak egon direlako eman da, kalean eskaerarik ez badago ez dira mugituko. Konpromiso zehatzak ere behar dira, hala ere. Gaur egun sakabanaketaren kontra azaltzen da mundu guztia, baina hori ez da nahikoa. Senitartekook gure poltsikotik ordaintzen ditugu bidaia guztiak. Horrela bada, egiaz guztiak sakabanaketaren kontra badaude, ez al da garaia bidaiak egiteko laguntzak emateko? Osasuna eta kasu askotan bizitza guk utziko ditugu bidean, baina gutxienez bidaiak ziurtatu ditzatela diruz lagunduta. 16 hildako utzi ditu sakabanaketak, errusiar erruletan jolastea da espetxeetarako bidea. Oraintxe Puerto IIIko autobusa kili-kolo dago eta imajinatu horrek zer suposatzen duen. Egun 110 eurotan egiten dugun bidaia, gutxienez 300 eurotara igo daiteke.

G. I.: Pariseko manifestazioak esate baterako, Frantziako Gobernuari presoek atzean duten babesa irudikatzeko balio izan zuen. Herri bat dagoela atzean, hori izan zen mezua. Parisera 10.000 lagun joatea oso garrantzitsua da.

Horren ondotik Frantziako Gobernuak presoak gerturatzeko konpromisoa erakutsi zuen, eta ari dira pixkanaka, nola baloratzen duzue berri hori?

M. A.: Oso ondo. Frantzian alderdi desberdin askok babestu dute neurria eta Espainian badirudi oraindik ez dela posible. Pauso gutxi batzuk ematen ari dira, hala ere. Batzuek errentagarritasun politikoa ateratzen diete presoei eta euren esku duten arma bat bezala erabiltzen dituzte, presioa egin eta min emateko.

G. I.: Oso garrantzitsua izan da eta erakutsi du Espainian ere posible dela, baina ez dutela nahi. Borondate kontua da eta argi dago ez zaiela bakarrik etorriko, borondate horretara eraman beharko ditugu.

M. A.: Aitor anaia orain modulu normalean dago, baina Puerto de Santamariara iritsi zenean lehen hiru urteetan isolaturik egon zen, beste preso asko bezala. Hori eta beste hainbat salbuespeneko neurri giza eskubideen kontrakoak dira eta horiekin amaitu behar da.

Hori zen martxoan bere buruaz beste egin zuen Xabier Rey 'Antxo'ren egoera ere. Isolamenduan zegoen duela 10 urtetik.

G.I.: Hori jasatea oso zaila da. Lizartzako Garikoitz Etxeberria ere horrela dago. Jende asko dago isolamenduko ziegetan egunero, eta segur aski hori psikologo batek aztertuko balu esango luke gizaki batek ezin dituela 10 edo 20 urte egoera horretan iraun. Zigor erantsi bat da eta horrek amorru, inpotentzia eta mina sortzen ditu, nahiz eta gorrotoa ez dugun elikatu nahi, hori ez delako ona inorentzat.

M.A.: Aitor espetxe berean dago eta heriotza eta gero eskutitz pila bat jaso zituen eta asko eskertu ditu.

Behin baino gehiagotan salatu izan duzue senideek hau guztia, baina iristen al da mezua gizartera?

G. I.: Esan, esan dugu, baina ez dakit iristen den.

M. A.: Ez dakit iristen den, baina argi dagoena da elkartasunari esker hau guztia eramangarriagoa dela. Puerto IIIra joaten den autobus hori, Mirentxin gidari taldea, jendearen ekarpenak, abokatuak...

G. I.: Elkartasuna garrantzitsua da eta izan da, hori gabe ez ginateke egoera honetan egongo. Horrenbeste urtetan hau guztia jasatea ez zen posible izango. Eta aurrera begira ere oso garrantzitsua izango da.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere Espainiako eta Frantziako estatuetako legedia modu zabal batean jorratzea adostu du , gradu aldaketak, baimenak...

M. A.: Oso ausartak izan dira. Borroka eta dinamika jakin batean egon dira orain arte, eta zaila da hortik ateratzea.

G. I.: Beraiei ere kostatu zaie, aldaketa honen guztiaren inguruan informazioa jasotzeko dituzten zailtasunekin, komunikazio arazoekin eta abar, egoera ulertu eta pausoa ematea oso garrantzitsua da. Oso ausartak izan dira eta gizartearen babesa jaso behar dute.

M. A.: Orain kalekooi dagokigu helaraztea prest daudela eta gogoa daukatela eszenario berri eta demokratiko batean bizitzeko. Ea egia den demokrazian bizi gaitezkeela.

Zeintzuk dira lehentasunak?

G. I.: Denak kalera ateratzea da helburua, baina egia da preso gaixoak ateratzea eta sakabanaketarekin bukatzea lehentasuna direla. Ez dut ezinezko ikusten.

M. A.: Giza eskubideen aldetik egoera hau ezin da mantendu. Europa guztian ez dago beste estaturik preso gaixoak dituenik kartzelan. Eta preso gaixoak esatean ez da edozein gaixotasun, muturreko egoera bizi duten preso gaixoez ari gara. Egoera larrian daude, ezin dute preso egon. Hilzorian daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!