Presoak kalera atera behar direla aldarrikatzeko deia

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 17a, 10:12

Kalera Kalera dinamikak manifestazioa deitu du larunbaterako Bilbon Bada Garaia! Presoak kalera. Konponbidea, bakea, askatasuna lelopean. Tolosaldetik ere joateko deia egin dute "konponbideak benetakoa izan behar" duela eta "indarrean dagoen espetxe politikarekin amaitu" behar dela eskatuz.

Espainiako zein Frantziako espetxeetan ehunka preso politiko daudela gogoratu nahi izan zuten atzo, hainbat herritarrek, Kalera Kalera dinamikarekin bat eginaz. Larunbatean manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean, La Casillatik aterata, eta eskualdetik ere bertaratzeko deia egin zuten.

"Espetxeetan ehunka preso politiko dauden artean, hemen ez da benetako bakerik ez normalizaziorik. Presoak kalean behar ditugu", esan zuten. Lehentasunak ere finkatu zituzten: dispertsioarekin eta urruntzearekin amaitzea, gaixorik larri dauden presoen etxeratzea eta lehen graduko kalifikazioa orokortutik ateratzea. Izan ere, Espainiako espetxeetan dauden presoen %92a etxetik 400 kilometro baino gehiagora dago urrunduta, 22 preso daude gaixotasun larriren batekin, eta "Espainiako Estatuak euskal presoen %95 giltzapetuta ditu salbuespeneko erregimen itxian. Lehen gradua ezinezkoa da legedia arruntaren edozein aukera probestu", esan zuten.

Bukatzeko, Frantzian espetxe politikan eman diren mugimenduak ekarri zituzten gogora, "hegoaldean ere mobilizatzen eta adostasunak batzen jarraitu behar dugu Madril mugiarazteko".

Deia egin eta gera, presoen inguruan ematen ari diren mugimenduen inguruko azalpenak emateko hitzaldia egon zen. Sortuko presoen batzordeko Antxon Lopez Kubatik eta Jokin Urain Kixkurrek eskaini zuten hitzaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!