Tolosaldetik ere, Altsasuko gazteentzat justizia eske

Tolosaldeko Ataria / Berria 2018ko api. 14a, 21:18

Justizia, Ez da terrorismoa, Altsasukoak aske lelopean, jendetza elkartu da gaur, Iruñean. Tolosaldetik ere herritar ugari bertaratu dira, justizia eske.

Iruñean egindako manifestazio jendetsuenetariko bat izan da Altsasuko gazteen aldekoa. Antolatzaileen arabera, 50.000 pertsonatik gora elkartu dira, Altsasuko auzipetuentzako justizia eskatzeko.

Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanzek 516 bete dituzte gaur espetxean, eta astelehenean hasiko da, Madrilen, haien eta beste bost gazteren aurkako epaiketa, 2016ko urrian taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskarrengatik.

Fiskalak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du sei auzipeturentzat; 62 urte eta erdikoa eskatu du zazpigarrenarentzat, eta 12 urte eta erdikoa zortzigarrenarentzat. Terrorismo delitua egozten diete.

Altsasuko gazteen aurkako bidegabekeria salatzeko protestarekin bat egin dutenak milaka izan dira; 50.000tik gora antolatzaileen arabera: "Inoizko manifestaziorik jendetsuena". Hortik manifestazio buruak kaleetan zehar igarotzeko izan dituen lanak. Adibide bat jartzearren, aurrekoak autobus geltoki zaharraren parean zeudenean abiatu dira azken manifestariak Golemen paretik, ordu bat baino gehiago zain egon ostean.

Tolosaldetik ere jende ugari bertaratu da. Ikaztegietan, esaterako, Gazte Egunean parte hartu duten herritarrek elkartasun argazkia atera dute. Sare sozialetan ere eskatu dute justizia.

Kronika osoa, berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!