Eskualdeko bi ikasle, Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin

Mikel Iraola 2018ko api. 13a, 15:42

Jon Esnaola tolosarra eta Maider Iñurrita billabonatarra Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin izan dira Aste Santuko oporren bueltan. Bizitako esperientziaz hitz egin du Esnaolak.

Euskadiko Ikasleen Orkestrak Aste Santuko ohiko barnetegia egin berri du Bilbon. EAEko musika ikaslerik finenek hartzen dute parte urteroko hitzordu honetan, eta aurten, eskualdeko bi musikari izan dira: Jon Esnaola perkusio jotzaile tolosarra eta biolina jotzen duen Maider Iñurrita billabonatarra.

Iñurritaren estreinaldia izan da EIOrekin, nahiz eta beste urte batzuetan hautaketa probak gainditu dituen: "Hartu izan nauten arren, ezin izan dut joan. Aurten joan naiz lehenengoz, eta gozatu egin dut", dio billabonatarrak. Esnaolarentzat, aldiz, bigarren urtea izan da. "Joan den urtean txiripaz sartu nintzen. Aurtengo probara sartzeko helburuarekin joan naiz eta lortu dut", azaldu du.

Esnaola, eskuineko lehena

Pasa den aste osoa entseatzen pasa zuten Bilbon, egunero zortzi bat orduz. Bertako ikastetxe batean egin dute lo, eta lanez betetako bost egun horien ondoren, bi kontzertu eskaini zituzten asteburuan, Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean. Gasteizen eta Bilbon izan ziren kontzertuok, eta Shostakovichen 5. Sinfonia eta Mendelssohnen pianorako kontzertua izan dira kontzertuetako obra nagusiak. "Obra ederrak ziren, motibazio ikaragarria izan da guretzat", dio Iñurritak.

Esperientzia "oso aberasgarria" izan dela aitortu dute eskualdeko bi ikasleek. Orkestrako gainerako kideekin sortutako laguntasuna eta musikari gisa ikasitako guztia nabarmendu dute ororen gainetik: "Gure artean sekulako laguntasuna sortu da. Urtean astebetez izaten gara elkarrekin, baina badirudi urte osoan elkarrekin gaudela. Horrez gain, asko ikasten da. Entsegu ordu asko dira eta zuzendari profesional batekin aritzea oso aberasgarria da", dio tolosarrak.

Topaketa hauek duten gauzarik onena, "musika munduko jende asko ezagutzea" dela uste du Iñurritak: "Askok elkar ezagutzen dugu kontserbatoriotik, baina zu bezala musikari izan nahi duen jendearekin egotea oso aberasgarria da guretzat".

Musikari ibilbidea ez da batere erraza, eta honelako esperientziek aurrera begira "indar asko" ematen dute, Esnaolaren ustez. "Kontserbatorioan teoria gehiago izaten dugu, eta orkestra batean aritzeak erakusten dizu urtean zehar landutako horrek balio duela eta merezi duela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!