Berastegi eta Bidania-Goiatz, euri gehien egin duen Gipuzkoako herrien artean

Ataria 2018ko apirilaren 12a

Berastegiko larre ugari urez gainezka daude gaur. Argazkiak: Arritxu Uranga

Euri askoko eguna izan zen atzokoa Gipuzkoa osoan. Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziaren estazioetako datuen arabera, Berastegi eta Bidania-Goiatzen bildu zen ur gehien.

169 litro ur metro karratuko. Ur kantitate horixe bildu zuten atzo Berastegi eta Bidania-Goiazko estazio meteorologikoek 24 orduko epean. Gipuzkoan euri gehien egin duen herrien artean dira. Zehatzagoak izatearren, Bidania-Goiatzen 169 l/m² bildu ziren, eta Berastegin, 169,1 l/m².

A-15 autobiderako Berastegiko sarrera ere itxita dago, Donostiara bidean, luizia izan baita.

Bi herrietako larre eta baratzetan ere, eskualdeko beste herri askotan gertatu zen moduan, putzu handiak sortu ditu euriteak.

2011. urteko azaroan, esaterako, eurite handiak izan ziren, eta orduan ere urak gainezka egin zuen Tolosaldeko hainbat puntutan. Berastegin, esaterako, meteorologia estazioak 168,4 litro metro karratuko jaso zituen azaroaren 6an, eta honela geratu zen herria:

(Argazkiak: http://mugarriak.blogspot.com.es/)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!