Enirio-Aralar

[GUTUNA] Aralarko Baserritarrak eta "eko-urbanitak"

Ion Fontela Sukia (nekazal ingeniaria) 2018ko api. 11a, 11:02

Pasa den asteazkeneko Ordiziako azokan Aralarko Baserritarrak Elkarteak deituta, elkarretaratze bat egin zutela irakurri genuen prentsa idatzian. Bertan «Iñaki Aizpuru, Eko-urbaniten buru Aralarko abeltzaintza suntsitzea helburu» kartela erakutsi zuten.

Ekintza honek, gatazka areagotzeaz gain, ez dut uste lehen sektoreari mesede handirik egiten dionik, hiru arrazoi nagusi hauengatik, batez ere:

Alde batetik, garbi dago «Eko-urbanita» hitza mespretxuz erabili zutela. Baserritarrak ekoizten dituzten produktuetatik bizi dira, eta «urbanitok» aldiz, produktu bikain hauetaz elikatzeko zortea daukagu, bi aldeek dute elkarren beharra. Ondorioz, ez dut uste Aralarko, Goierriko edo Tolosaldeko baserritarrei «kaletarrez» zentzu iraingarrian zuzentzeak mesede handirik egiten dienik.

Bestetik, Iñaki Aizpuru eskarmentu handiko botanikaria da, urte asko daramatza naturaren ezagutza lanetan eta bere ibilbide profesionala eta aisia, naturaren eta kontserbazioaren ezagutzak garatzera bideratu ditu. Ziur nago eztabaida luze honetan Iñakik hartu dituen erabakiak naturaren kontserbazioaren defentsan hartu dituela, hori izan baita betidanik bere helburu nagusia, eta ez batzuek dioten bezala abeltzaintza suntsitzearena. Naturatik bizi den sektore batek natura defendatzen duen pertsona bat seinalatzea baino kezka handiagoak eduki beharko lituzkeela uste dut.

Amaitzeko, unibertsitatean irakasle batek behin eta berriro errepikatzen zigun esaldi bat aipatu nahiko nuke: «Abeltzainak, abeltzain izan aurretik, nekazari izan behar du». Aralarko abeltzainak bertako larreetatik bizi dira eta adituek behin eta berriz adierazi diguten bezala, Aralarrek epe luzerako plan baten beharra du larreen azalera eta kalitatea bermatzeko. Beraz, azokako zorigaiztoko esaldiak zioen bezala, ez dakit norbaitek abeltzaintza suntsitu nahi duen ala ez, baina ziur nago Iñakiren ideiek Aralarko larreen emankortasunean eragin onuragarri nabarmena izango luketela. Azken aldian hartutako epe laburreko erabakiei dagokienez, aldiz, (6 hektarea larre pista bihurtu eta ganadu karga igo), nire zalantzak ditut.

Honenbestez, haiek hala nahiko balute ere, ez dut sinesten Aralarko Baserritarrak Elkartearen adierazpenak gure inguruko baserritarrak ordezkatzen dituenik. Nik ezagutzen ditudan baserritarrek behintzat ingurumenarekiko begirune itzela dute eta garbi daukat Iñakiren balioak partekatzen dituztela. Nire babesik irmoena Iñaki Aizpururi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!