Errenta aitorpena euskaraz egiteko dei egin dute UEMAk eta udalek

Ataria 2018ko apirilaren 10a

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian. Horrekin batera, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute.

Herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, hasieratik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukeratu baitaiteke: autolikidazio proposamena jasotzean, errenta mekanizatua aurkeztean eta internet bidez aitorpena eskatzean. Gehiengoak autolikidazio proposamena jasotzen duenez, horri eman nahi izan diote garrantzia.

Errenta aitorpena euskaraz eginda, "administrazioaren euskalduntzea" ere bultzatzen dela nabarmendu du UEMAk: "administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere".

Joan den urtean, errenta aitorpena egin zuten 24.169 herritarretatik 6.993k egin zuen euskaraz Tolosaldean. Amezketan, Lizartzan, Orendainen eta Orexan gehiengoak euskaraz egin zuen, esaterako. Gaztelun, berriz, pertsona kopuru berak egin zuten euskaraz eta gazteleraz. Tolosan, berriz, ia 2.500 lagunek egin zuten euskararen aldeko hautua.

Datak

Autolikidazio proposamena ikustea: apirilaren 6tik aurrera
Autolikidazio proposamena onartzea: apirilaren16tik aurrera
Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: apirilaren 20tik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!