Eee!ntzun kanpaina abiatu du GFAk, indarkeriaren aurka eta kirolaren balioen alde

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 10a, 12:33

Gipuzkoako Foru Aldundiak Eee!ntzun kanpaina jarri du martxan: «Haka» original baten bidez, neska-mutilek «gozatzeko eta gozatzen uzteko» eskatuko diote harmailari. Gipuzkoako hainbat kirolari ezagunek parte hartu dute dantzan.

Harmailetan izan diren oldarkortasun eta indarkeriazko egoerei aurre egiteko sortu du Eee!ntzun kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiak, kirol balioetan oinarritutako heziketa aldarrikatuz.

Haka bat da kanpainaren oinarria, eta Eskola kirolean parte hartzen duten haur eta gaztetxoak izango dira protagonista nagusiak. Jokalari guztiek batera neurketa bakoitzaren aurretik harmailari egingo diote dantza eta modu horretara, partidetara joaten direnei harmailetan "goza dezaten" eta "epaile, entrenatzaile nahiz jokalarien aurkako jokabide oldarkorrak alboratu" ditzaten eskatuko diete. 

"Emozio egoera bat" sortuko dela nabarmendu du Aldundiak, eta "hausnarketarako bidea eskainiko die" eskola kiroleko partiduetara bertaratzen diren guztiei".

Izan ere, Denis Itxaso kirol diputatuak adierazi duenez, Aldundia "kezkatuta" dago neurketetan izaten diren indarkeriarekin lotutako gertaerak direla eta: "Indarkeria egoeretan gehien sufritzen dutenak haurrak izaten dira, eta kirolaz gozatzeko eskubidea dute. Eee!ntzun kanpainaren bidez, balioen araberako heziketa bultzatu, eta Gipuzkoako eskola kirolean onargarri ez diren jokabideak saihestu nahi ditugu".

Eskola kiroleko talde batzuk hasiak dira dagoeneko dantza prestatzen, eta pixkanaka talde guztietara zabalduko da ekimena.

Gipuzkoako kirolari ezagunak hartu dute parte kanpainaren bideoklipean. Tartean dira, besteak beste, eskualdeko Eukene Larrarte eta Leire Olaberria txirrindulariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!