Bezero txartelak abantaila dakar

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 9a, 16:58

Villabona eta Zizurkilgo Oria merkatari elkarteak bezeroentzat abantailak ekarriko dituen txartela jarriko du erosleen eskura apirilaren 14tik aurrera

Herriko merkataritza sustatzeko helburuarekin bezero txartela izango du aurrerantzean Oria merkatari elkarteak. «Aspalditik geneukan asmoa, baina ideia orain eramango dugu praktikara eta fidelizazio txartel hau erabili ahal izango dute gure bezeroek», esan du Lander Etxeberria elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak. Larunbatetik aurrera eta apirilaren 28ra arte, elkarteko 11 saltokitan erosketak egin eta bezero txartela aurkezten dutenek, promozio kanpaina batean parte hartu ahal izango dute. Irabazle suertatzen denak Nekaturreko landa etxe batean asteburua pasa ahal izango du.

Egunotan bailarako herrietan eta postontzi guztietan bezero txartelaren inguruko informazioa banatuko dute eta eskuorri horretan bertan herritarrek bezero txartela eskuratzeko inprimakia bete ahal izango dute. «Gero inprimaki hori 11 saltoki horietako batean entregatu eta momentuan jaso ahal izango du bezeroak txartela, dohainik. Zuzenean denda horietan ere egin ahal izango da», aipatu dute.

Larunbatetik aurrera erabili ahal izango da bezero txartela eta behin lehen promozioa amaituta abantaila sorta prestatzeari ekingo diote. Etxeberriaren esanetan, «egongo dira promozio bateratuak eta gero saltoki bakoitzak egingo du bere planteamendua txartelari begira: deskontuak, puntu bidezko aukerak, zozketak...». Oraingoz 11 saltokitan erabili ahal izango da txartela, baina Oria merkatari elkartean biltzen diren beste asko ere joango dira ekimenera batzen.

Funtzio soziala

Txartelaren bultzadaz, herriko komertzioak duen balio eta garrantzia irudikatu nahi dutela jakinarazi du Etxeberriak: «Merkataritzak ez dio soilik onura ekonomikoa ekartzen herriari, lanpostuak sortzen dituelako; badu beste egiteko bat ere: herriak ez dira ezer saltoki gabe, hutsak egongo lirateke. Ohartzen gara dugun funtzio sozialaz eta horregatik pentsatzen dugu saltoki txikiak bultzatzea herriaren alde egitea dela, bere osotasunean».

11 SALTOKI

Amane arropa denda.
Amasa okindegia.
Basajaun liburu denda.
Duna oinetakoak eta osagarriak.
Eizmendi kirolak.
Garazi loradenda.
Magali arropa denda.
MP Boutique.
Optika Villabona.
Sahatsa belardenda.
Tinta inprimategia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!