Enirio-Aralar Mankomunitateko ohiko batzarra egin zuten atzo arratsaldean Ordiziako udaletxean, eta bertan, besteak beste, 2018ko aurrekontuaren hasierako onarpena eta aurten egingo diren inbertsio zehatzen onespena egin zuten.
Batzarrean ordezkaritza duten hamabostetik zortzi udalerritako ordezkariak izan ziren: Ordizia, Lazkao, Altzaga, Beasain, Gaintza, Arama, Abaltzisketa eta Amezketa. EH Bildutik batzarrera ez agertzea erabaki zuten, eta ez ziren agertu Ataun, Zaldibia, Itsasondo, Ikaztegieta eta Legorretako ordezkariak. Baliarraingo (independenteak) ordezkaria ere ez zen agertu eta Orendaingo (EH Bildu) ordezkaria azken batzarretan ez da izan. Amezketako ordezkaria izan zen batzarrean izan zen EH Bilduko kide bakarra.
EH Bildutik azaldu dutenez, atzo Ordizian bertan egindako Artzain Egunean «Enirio-Aralarko Mankomunitateko Itsasondoko ordezkariak jasotako markaje pertsonala ez da onargarria». Iñaki Aizpuru Itsasondoko ordezkariaren aurkako pankarta jarriz elkarretaratzea egin zuten Aralarko Baserritar Elkarteak deituta, Iñaki Aizpuru eko-urbaniten buru, Aralarko abeltzaintza suntsitzea helburu leloarekin. EH Bildutik batzarrera ez azaltzea erabaki zuten, «egoera ikusita, tentsioa gehiago ez handitzeko», eta datozen egunetan irakurketa sakonagoa zabalduko dutela azaldu dute.
Hain justu, atzoko batzarraren gai zerrendan, puntuetako bat zen Aizpuruk berak aurkeztutako idatzia, «Enirio-Aralar mendietako larreen emakidarako abeltzain batzuek egin duten urraketei buruzkoa». Gai horretara iristerakoan, batzarrean zeuden ordezkariek erabaki zuten mahai gainean uztea, hau da, hurrengo batzar baterako uztea gaia, Aizpuru berak idatziaren edukia azaltzeko.
Aurtengo aurrekontuaren inbertsioei dagokionez, guztira 200.000 euro bideratuko dira, eta horiek mendiko hobekuntzak egiteko izango dira: garbiketak, bide konponketak, ur deposituak... Horrez gain, mendiko gazta proiektuarekin jarraitzeko dirua jartzea eta auto bat erostea aurreikusten dira. Iazko inbertsioekin alderatuta, mendiko hobekuntzak egiteko kopuru berdina bideratuko da. Legealdi honetan polemika iturri diren pisten inguruan dago aldaketa: iaz 200.000 euroko inbertsioa bideratu zen «pisten konponketa» atalerako eta aurtengoan ez da dirurik aurreikusi.
Batzarrean erabaki zen beste gaietako bat mankomunitateko udalerrien kuota %2 igotzea izan zen.
Eztabaida sutsuak, galdera eta erreguen tartean
Batzarraren gai zerrendarekin bukatzerakoan, Jose Miguel Santamaria mankomunitateko lehendakaria aretoan zeuden Aralarko Baserritarren Elkarteko kideei zuzendu zitzaien, eta eskertu zien eguerdi horretan jasotako aitortza eta opari moduan jasotako makila. Mahaian zeuden beste ordezkariei zuzendu zitzaien eta aitortza hori ere beraientzako zela azaldu zuen. Ondoren, bertan zeuden baserritarrek bertso bat abestu zioten Santamariari mankomunitateko kudeaketa plana onartu izana eskertuz.
Galdera eta erreguen tartean parte hartze zabala izan zen, eta eztabaida sutsuak piztu ziren hainbat alditan. Landarlan ingurumen elkarteko kide batek hartu zuen hitza, eta iazko maiatzetik egina zuten eskariaren berririk ez zutela esan zuen. Batzordeko zenbait ordezkarik izan ditzaketen interes pertsonalengatik, botoa emateko eskubidearen inguruan zen idatzia. Mankomunitateko idazkariak azaldu zien abokatu talde bati gaiaren inguruan eskatutako txostena eskuetan zuela, eta horren arabera ordezkariek ez dutela botoa emateko gaitasunik galtzen edo ez dutela abstenitu behar, ez badute interes partikularrek talka egiten mankomunitatearen interes orokorrekin.
Bestalde, Landarlanetik eskatu zuten mankomunitatearekin zerikusia duten idatzi guztiak euskaraz izatea, Goriskintxuko pistaren ingurumen jarraipenari buruzko testua gazteleraz bakarrik dagoela azalduz. Horrez gain, 2018ko aurrekontua erabakitzerakoan parte hartzea eskatu zuten, Enirio-Aralarko lurren erabiltzaile moduan. Horren aurrean, Aitor Altuna Lazkaoko ordezkariak azaldu zien beraien proposamenak bidaltzeko, eta mankomunitatean erabakiak hartzeko eskumena hamabost udalerrietako ordezkariek dutela.
Ahal Dugu-Podemoseko Mila Sukia Ordiziako zinegotziak hitza hartu zuen eta batzarrean zeuden ordezkariei zuzendu zitzaien: «Galdetu zuen buruari zergatik ez dauden beste ordezkariak batzarrean». Santamariak zein Altunak erantzun zioten galdera hori joan ez ziren ordezkariei egin behar zaiela, horiek eman behar dituztelako azalpenak.
Aralarko Baserritarren Elkarteko batzarkide batek hartu zuen hitza eta Landarlaneko kide bati zuzendu zitzaion, Felix Ugarte Elkarteko kideek arau hausteak egin zituztela esanez, baimena epez kanpo duten ibilgailuekin Aralarren sartuz, eta hori ere salatuko ote duten galdetu zien. Landarlanetik erantzun zioten salaketak mankomunitateari bideratzeko.
Kepa Korta Ordiziako alkate ohiak hitza hartu zuen ondoren, eta Iñaki Aizpuruk Aralarren inguruan egindako lana defendatu zuen, eta haren kontra «urbanita» hitza erabili izana salatu zuen. Aralar «guztiona» dela azaldu zuen, eta berak Aralarren artzaintza defendatuko duela gaineratu zuen, «baina ez edozein preziotan. Artzainek eta abeltzainek ez dituzte eskubide gehiago».
Garikoitz Nazabal EHNE sindikatuko lehendakariak, bere aldetik, pistak egitearen kontra daudenak lehen sektorea «difamatzen» ari direla esan zuen: «Artzaintzaren alde daudela esan bai, baina gero errespetu falta azaltzen dute sektorearekiko». Bestalde, mankomunitateko ordezkariei eskatu zien pistak egiten jarraitzeko, «ezinbestekoak» direlako.