Pausoak, energia eraginkortasunean

Ataria 2018ko apirilaren 5a

Eskualdeko turismo sektoreko hainbat establezimenduk, Tolosaldea Garatzenen programa baten bidez, kontsumo energetikoa aurrezteko aholkuak jaso dituzte.

Tolosaldea Garatzen garapen agentziak, Tolosaldean energia menpekotasunari aurre egiteko sustatzen ari den Energia Planaren barruan, turismo arloan energia eraginkortasuna hobetzeko programa bat garatu du.

Piztu Tolosaldea Energia Planeko lan-lerro nagusietako bat efizientzia energetikoa bultzatzea da, bai etxebizitzetan baita ekonomia sektore desberdinetan ere. Izan ere, turismo sektorearen kasuan, beste kasuetan bezala, establezimenduetan non eta nola erabiltzen den energia jakitea eta jakiten laguntzea ezinbestekoa da gero, eraginkortasun energetikoko neurriak hartu ahal izateko.

«Programan parte hartu duten establezimenduak oso gustura geratu dira jasotako emaitzekin eta aholku praktikoekin», gaineratu dute garapen agentziatik. Nicolas erretegia, Alkizako ostatua, Botarri, Larraitz-gain eta Plaza Etxeberri jatetxeak, Korteta eta Teileri landetxeak, Rafa Gorrotxategi eta Mahala ekoizleak izan dira programan parte hartu dutenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza duen ekimen honek eskualdeko sektorearen egoera energetikoa aztertu du, eta horretarako establezimendu batzuetan azterketak egin dituzte. Ondorio batzuk atera eta kontsumo eta kostuak aurrezteko aholku praktikoak eman dizkiete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!