OSAKIDETZAKO II. EUSKARA PLANA: EBALUAKETA

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 5a, 15:00

Euskara Planaren bigarren fasea , 2013 eta 2019 urteen artekoa, dago martxan eta indarraldiaren erdia pasata, lehen ebaluazioa egin dute. Jon Darpon Osasun sailburuak emandako datuen arabera, gero eta euskaldun gehiago dago Osakidetzan eta belaunaldi aldaketak zerikusia du horretan.

45 urtetik gorako langileetan, %29 dute hizkuntza eskakizuna, eta 45 urtez behera, aldiz, %76k. Idatzizkoan itzulpenak egiten dituzte, baina ahozkoan arazo gehiago dituztela esan zuen Darponek. Pazienteen harrerari buruzko inkesta bat egin zuten euskarazko zerbitzua eskatuta dutenei, eta lautik hiruk diote euskaraz egiten dietela. Zentzu honetan Aitor Montes medikuak esan du datuekin kontuz ibili behar dela. Osakidetzak erabiltzaileek hizkuntza hautatzeko egitasmo bat jarri du abian, eta horren arabera %40ak esan du zein hizkuntza nahi duen. Horietatik erdiak, %53ak, euskararen alde egin du, baina datua zonaldeen arabera aldatzen da. Montesen arabera, ez dira asko hizkuntza aukeratu ahal dutela dakitenak, eta informazio hori nork emango dien galdetzen du, «medikuak, administrariak...? Medikuek berariazko formazioa ere behar dute zentzu horretan».

Langile erdaldunekin ere bada arazorik ebaluaketaren arabera, izan ere, erdiek ez dute aukera eskaintzen lankide elebidun batek zerbitzua eman dezan, protokoloak hori esan arren. Orokorrean Osakidetzako lan hizkuntza gaztelania dela ere badio txostenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!