Okupazioak hiru puntu egin du gora, Aste Santuko oporraldian

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 3a, 18:06
Altzon izugarri igo da bisitari kopurua, Migel Joakin Eleizegiri buruzko bisita gidatuen bidetik.

Azken orduko erreserba asko izan dira eskualdean; Altzon arrakastaz ekin diete bisita gidatuei.

Batzuen oporrek igandera arte iraungo dute, eta beste asko gaur itzuli dira lanera. Kontuak kontu, Aste Santuko jai egunen lehen balorazioak egiteko garaia da, eta lehen iritziak argiak dira Tolosaldean: bost eguneko oporraldiaren balantzea ona izan da.

Olatz Illarregi Tolosalea Garatzen agentziako turismo teknikariak azaldu duenez, «eskualdea bete egin da» ostegunetik astelehenera bitarte: «Nekazal turismo eta landetxeetako okupazioa %83koa izan da egunotan eta, horrek esan nahi du, iazko datua hiru puntuz igo dela».

Lo-egonaldiak egiteko establezimenduek datu onak jaso badituzte, gauza bera gertatu zaie eskualdeko interesguneei ere, Tolosaldeko bi turismo bulegoetarako bisita kopuruei begiratuz gero. Illarregik azaldu du, eguraldiaren arabera, Larraizko eta Tolosako bulegoa aurkia eta ifrentzua izaten direla; eguraldi onak jende asko erakartzen du Larraitzera eta, iragarpena hain biribila ez denean, Tolosako hiriguneak indar handiagoa izaten du.

Horrela, beraz, Txindokiko Itzala parkean iaz baino bisitari gutxiago ibili da aurten: «Batez ere bisitari gipuzkoarrak izaten ditu Larraizko guneak eta, lehen datuen arabera, badirudi bertako jendeak iaz baino gehiago jo duela kanpora, aurtengo Aste Santuetan. Horrek ere eragina izan du».

Kontrara, Tolosako Santa Maria plazako bulegoan iaz baino bisitari gehiago jaso dituzte aurten: «300 bisitari inguru pasatu dira bulegotik, eta nabaria izan da Espainiako bisitarien joan-etorria; horrek eragin zuzena izan du okupazioan, noski».

Olatz Illarregik azaldu du «pozik egoteko moduan» direla, aurreikuspena kaskarragoa baitzen: «Aurten Aste Santua goizago izan da, eta eguraldia okerragoa izan ohi da; gainera, iragarpena ere oso txarra zen. Azkenean, ordea, nahiko eguraldi ona egin du, eta egoerak buelta eman du, azken momentuan».

Turismo bulegoetan joan-etorri asko jasotzen dituztenean, eskualdeko interesguneetan ere joera berbera izaten da. Horrela, larunbateko azokak, besteak beste, bisitari askoren jakin-min eta gosea asetu zuen, Tolosan.

TXOTXONGILOEN ETXEAN, FAMILIA GERO ETA HANDIAGOA

Topic zentroko arduradunak oso gustura daude egunotan jasotako harrerarekin. Hala azaldu du Karmele Cruz Topic zentroko pedagogia arduradunak: «Urtetik urtera bisitari kopurua igotzen ari da, eta gero eta gehiago dira etxe txiki honen barruan dagoena ezagutu nahi dutenak».

Hilero-hilero, museoa ezagutzeko bisita antzeztuak antolatzen dituzte, eta oporraldian egunero izan da egitasmoaz gozatzeko aukera: «Aktorea etxea garbitzen ari den pertsonaia baten azalean sartzen da. Berak gidatzen du museoko bisita, egonaldia entretenigarriago eginez. Hitzorduok oso harrera ona izaten ari dira, eta oso pozik gaude», dio Cruzek.

Orain, eskola-oporraldiari begira jarri dira Topic-en, eta gaur ekin zioten gaztetxoen tailerrari. Pop Up liburuak sortzen ariko dira, ostiralera bitarte, hiru dimentsioak landuz: «Egunero bina liburu erakutsiko dizkiegu, eta teknikak zailduko ditugu. Bukaeran, norbere istorioa osatuko dute liburu batean, eta gainerakoei antzerkitxo baten bitartez aurkeztu beharko diete».

ALTZOTARRAK, HARRITUTA

Oporraldian ekin diete bisita gidatuei, Altzon. Migel Joakin Eleizegi zenaren bizitza ezagutzeko hitzorduak astebururo izango dira aurrerantzean, baina, bost jaiegunotan egunero aritu dira.

Udalak herriko gazteei egin zien bisitetan aritzeko proposamena, eta 10 gaztek «bi aldiz pentsatu gabe» eman zuten baiezkoa. Horrela, Izaro Olano altzotarrak azaldu du, bisitak hasi aurretik formakuntza txiki bat jaso zutela, herriko historia orokorrari buruz.

Herritarrak «harrituta» daude erraldoiaren historiak piztu duen jakin-minarekin: «Ez genuen halakorik espero, eta bisitek oso erantzun ona jaso dute. Filmak oihartzun handia izan du, eta jende asko bertaratzen ari da herrira».

Herriko plazan hasi, eta Eleizegiren jaiotetxea, beheko eliza, lurperatu zuteneko hilerria eta pilotaleku aldameneko baseliza bisitatzen dituzte eta, Olanok azaldu duenez, ostatua berriro irekitzeak ere hauspo handia eman dio jendearen emanari.

Ostegunetik igandera, eskualdeko bisitari asko jaso dituzte, eta baita Donostiatik, Azkoititik nahiz Azpeititik bertaratutako jendea ere. Beren harridurarako, ordea, Huescako nahiz Kataluniako turistak ere izan dira Altzon: «Hezurren misterioak pizten du galdera eta jakin-min gehien».

Hurrengo hitzordua datorren larunbatean izango dute, 11:00etan, eta 943 65 24 13ra edo 943 65 22 62ra deituta egin daiteke erreserba.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!