Eskualdeko bi filologo, Materraren 'Doctrina Christiana'ren edizio kritikoko lan taldean

Tolosaldeko Ataria 2018ko martxoaren 27a

Borja Ariztimuño eta Urtzi Reguero Aziti Bihia elkarteko kideek parte hartu dute edizio kritikoan; gaur aurkeztu dute argitalpena, EHUrekin eta Euskaltzaindiarekin batera.

Esteve Materrak 1617an idatzi zuen Doctrina Christiana, Lapurtera Klasikoz idatzitako lehen obra. Euskaraz inprimatutako lehen liburuetako bat ere izan zen, baina, ale guztiak galdu, eta lehen edizioa ezezaguna zen. Orain hiru urte, ordea, Dorota Krajewska UPV/EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko ikasle eta ikerlariak Doctrina Christianaren lehen edizio bat aurkitu zuen Danimarkako Errege Bibliotekan.

Horrela, Krajewska eta Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologo taldeko zenbait kidek Materraren lanaren edizio kritikoa prestatu dute, galdutzat zuten lehen edizioa eta Oxforden gordetako 1623ko bigarren argitalpena baliatuz. Borja Ariztimuño tolosarra eta Urtzi Reguero zizurkildarra aritu dira, besteak beste, Aziti Bihiako lan taldean, eta gaur aurkeztu dute edizioaren argitalpena, EHUko eta Euskaltzaindiako kideekin batera.

Azaldu dutenez, Esteve Materraren lanak informazio oso baliagarria eskaintzen du orduko (XVII. mendea) testuen irakurle motaz. Halaber, ondorioztatu dute, Materra uste izan dena baino pertsona garrantzitsuagoa izan zela, euskal literaturaren esparruan nahiz hortik kanpo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!