Egiak ez duelako preskribatzen

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 26a, 11:32

Egiari Zor Fundazioak estatuaren biolentzia anitzak jasandako 10 pertsona bildu ditu, egiak duen indarraren inguruan hausnartzeko, eta tartean daude Axun Lasa eta Martxelo Otamendi tolosarrak, Eneko Etxeberria lizartzarra eta Ane Ayestaran billabonatarra.

Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna izan zen martxoaren 24a, eta Egiari Zor Fundazioak gaiaz hausnartu du estatuaren biolentzia jasandako 10 herritarrekin.

Hiru bideo egin ditu, eta egiaren inguruan hausnartzeko espazio bat sortuz: “Egiak zauriak ixten ditu. Pairatu dugun tragedia berriro ez errepikatzea posible egiten du. Ehundaka eta ehundaka pertsonak bizi izandako mina aitortzeko baliagarria da. Biktimak erreparatzeko ezinbesteko tresna da. Horrela bada, egia justizia da”, azaldu du fundazioak.

Sufrimendu gehiago ez eragiteko, eta gatazkaren ondorio guztiak konponduta eta gaindituta izango dituen eszenatoki bat lortzeko, "zigorra helburu ez duen justizia eredu bat eraikitzea beharrezkoa" dela iritzi diote Egiari Zor fundazioko kideek. Horretarako, "euskal gizarteko sektore sozial eta instituzional ahalik eta zabalenen konpromisoa" eskatu dute.

Bideo horietan, eskualdeko lau pertsona agertzen dira:

Martxelo Otamendi, Guardia Zibilak torturatua: “Erreparaziorako hiru eredu daude: batetik, aitortza; bestetik, erreparazio ekonomikoa; eta, azkenik, egiaren erreparazioa. Nire ustetan, barneko zauriak sendatzeko egokiena hirugarrena da”.

Axun Lasa, Guardia Zibilak torturatua eta Joxean Lasaren arreba, Guardia Zibilak bahitua, torturatua eta hila: “Egia behar-beharrezkoa da barne zauriak arintzeko. Egia, indar berdinarekin, intentsitate berdinarekin, argi berdinarekin”.

Ane Ayestaran, Remi Ayestaranen arreba. Ertzaintzaren jazarpenaren eraginez hila: "Egia jakin behar dugu etorkizunean berriro horrelakorik ez dadin errepikatu".

Eneko Etxeberria, Joxe Migel Etxeberria 'Naparra'-ren anaia. BVEk bahitu eta desagerrarazi zuen: “Niretzat garrantzitsuena da zer gertatu zen jakitea. Eta egin zuenak ardura bere gain hartzea. Inor kartzelan ikusteak baino, horrek gehiago asebeteko ninduke”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!