Itxaropenezko mezua Etxeraten XVII. Batzar Nazionalean

Ataria 2018ko mar. 26a, 09:17

Tolosako Leidor aretoko besaulkiak bete zituzten atzokoan Etxerat elkarteko kideek. XVII. Batzar Nazionala "itxaropenez beteriko" mezuarekin amaitu nahi izan zuten: "Zailtasun guztien gainetik, aurrera jarraitzen dugu".

Iazko batzarra Leioan egin zenetik, atzokora, Leidorrekora, hainbat pausu eman direla nabarmendu du euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak: "Salbuespeneko espetxe politika eta urrunketa behin betiko amaitzeko eta larri gaixo dauden presoen askatasuna lortzeko hainbat urrats nabarmen eta esanguratsu eman dira".

Hala ere, egunean egunekoak "beldurra" ere ematen duela mahai gaineratu nahi izan zuten: "Egun Espainiar Gobernuaren eta sakabanaketaren eta urrunketaren aldeko sektore inmobilisten jarrerek beldurtzen gaituzte". "Bakea" hitza "beraien hiztegietatik" ezabatuta egotea, edo "salbuespeneko espetxe politika bere horretan" mantentzen jarraitzea ere salatu nahi izan zuten.

Horrek guztiak "sufrimenduzko" datuak ekartzen dizkie presoen familiei: 11 ezbehar errepideetan, 22 gaixo larriak espetxeetan, eta "zortzi hilabeteko epean 3 euskal preso politiko hilda". Honela, Xabier Reyren heriotza gogora ekarri nahi izan zuen elkarteak: "Reyren heriotzaren erantzukizun osoa espainiar Estatuak mantentzen duen salbuespeneko espetxe politika suntsitzaileak dauka".

Bestalde, baikortasunetik ere hitz egin nahi izan zuen Etxeratek. Esaterako, Ipar Euskal Herrian emandako aurrerapauso "erabakigarriak" txalotu nahi izan zituzten: "Nabarmentzekoak dira ETAren armagabetze prozesua muturreraino eraman zuten bakearen artisauek jokatutako papera edo espetxe politika leuntzeko ordezkari instituzionalek eta eragile sozialek egindako lana". Hego Euskal Herriarekiko ere baikor dira: "Instituzioak eta eragile politiko, sindikal eta sozialak gero eta inplikatuagoak daudela aipatzekoa da". Lan horretan laguntzeko Foro Sozialaren beharra ere azpimarratu nahi izan zuten: "Foro Soziala gizartean gehiengo handi batek hartu duen bidearen erdiko erraila da jadanik".

Iragan urtean Etxeratek bere lana Europar Batasunean presente egotea bultzatu zuen. Honela, Joëlle Bergeron eurodiputatuak garatutako txostena  urrunketari gaitzespena eginez edo europarlamentariek gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoei bisitak egiten hasiak direla mahai gainera ekarri nahi izan zuten, besteak beste.

Gauzak honela, egoeran aurrera egiteko euskal gizartearen indarra ez zuten aipatu gabe utzi nahi izan: "Euskal gizartearengan konfiantza osoa dugula errepikatzen dugu, euskal presoen eta haien senide eta gertukoen eskubideen alde ageri den euskal gizartea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!