Gazte Akelarrera joateko deia zabaldu du Ernaik

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 22a, 10:50

Ernaiko kideek dei egin diete Tolosaldeko gazte orori Gazte Akelarrera joateko. Oiartzunen izango da, martxoaren 30eko goizetik apirilaren 1eko goizera bitarte, eta Sorginkerian dugu independentzia da leloa.

Batetik, «hitzaldi, eztabaida, tailer, ekimen,… ezberdinetan parte hartuz, Euskal Herriko beste gazteekin harremanak izan eta saretzeko», eta, bestetik, «Euskal Herrian abian den askapen prozesuari eta independentziaren aldeko egitasmoari bere indar aletxoa eskaintzeko». Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna aldarrikatzetik gauzatzera pasatzeko garaia dela gaineratu dute.

Ernai eta Aintzina gazte antolakundeek «autogestioan eta auzolanean oinarrituta antolatzen duten udaberriko egitasmo handia» da Gazte Akelarrea. Aurten bosgarren urtez, Gazte Danbada, Gazte Martxa, Gazte burutakzioa eta lehengo urteko lehendabiziko Gazte Akelarrearen ondotik. «Hausnarketarako, eztabaidarako, konspiraziorako eta festarako gunea» izango dela diote.

Aurtengo berrikuntzak bi dira. Batetik, martxoaren 31n egingo duten Gazte Bazkaria. Akelarrean parte hartuko dutenek «bazkari erraldoia» prestatuko dute. Bertan parte hartzeko, egun guztietarako bonua erosiz sarrera ziurtatua dago eta larunbaterako bonua erosita, izena eman beharko da aurrez, www.gazteakelarrea.info web orrian. Bestetik, martxoaren 29an Gipuzkoako Martxa egingo da, «Gipuzkoako kideon arteko harremanak saretzeko eta estutzeko». Donostiako Easo plazatik abiatuko dira, 15:00etan. Oreretara joango dira martxan, han gaua pasatu eta hurrengo goizean Oiartzunera joateko.

Hiru egunetarako bonuak salgai daude martxoaren 25a arte Tolosako Amaiur eta Villabonako Iratzar tabernetan. Egun bakarreko bonua Donostiako herriko tabernan dago salgai. Egitaraua www.gazteakelarrea.info webgunean ikusi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!