Errealismotik, baina abstrakzio ukituarekin

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 22a, 10:39

Candido Etxeberria asteasuarraren margolanak, Alegiako Erretirodunen tabernan ikusgai.

Hil honen bukaera arte ikusgai daude Candido Etxeberria asteasuarraren margolanak Alegiako Erretirodunen tabernan. Etxeberria Zizurkilgo eskulan eskolan ari da ikasten, eta bertako kide batek animatu zuen bere lanak erakustera, eta azkenean baiezkoa esan zion. Bere lehen aldia da erakusten dituela: «Badakit nire margoek ze muga duten eta iruditzen zait besteei erakusteko ez direla beste munduko gauza», esan du Etxeberriak.

Erretiroa hartu zuenetik heldu dio margotzeari Etxeberriak. «Batez ere eguraldi txarra egiten duenean, etxean egoten laguntzen dit», azaldu du. Gaztetan izan zuen margotzeko kuriositatea. «Nire buruari olioz margotzeko ekipo bat oparitu nion. Lau edo bost koadro abstraktu margotu nituen, eta konturatu nintzen itsusiak zirela eta abstraktua margotzea uste baino zailagoa dela, eta teknika ere beharrezkoa dela», esan du. Eskola batean hasi zen ikasten, baina gero lanean hasi zen eta 50 urtez pintzelik hartu gabe egon da, eta erretiroa hartu arte ez da margotzen hasi.

Akrilikoan margotzen ditu koadroak: «Askoz ere garbiagoa da, segituan lehortzen da, eta errazago margotzen da». Gaiak orokorrean «oso politak ez direnak» hartzen ditu: «Naturalean politak direnak ez ditut behin ere hartzen, nik bai badakit, nahiz eta nire ikuspuntua eman, ezin direla konparatu». Horrela, «ate eta leiho traketsak, etxe zaharrak erdi traketsak» margotzen ditu. «Errealismoz margotzen ditut, baina abstrakzio puntu bat emanez, bai koloreekin, eta baita geometria hautsiz», azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!