'PBL Orona Fundazioa 2018' saria irabazi dute Tolosaldeko hiru ikaslek

Tolosaldeko Ataria 2018ko martxoaren 21a

Sumobot errobot prototipoa garatu, eta 1.000 euroko ordainsaria jaso dute, beste 446 proiekturen artean; Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza metodologia jorratuz osatu dute lana.

Julen Sarasola asteasuarrak, Xabier Galarraga albizturtarrak eta Pablo Martin tolosarrak Orona Fundazioa PBL 2018 saria irabazi dute, beste bi ikaskiderekin batera (Irene Gastesi irundarra eta Ion Etxezarreta beasaindarra). Sei hilabetean jorratutako egitasmoak aurkeztu behar izan dituzte ingeniaritzetako ikasleek, eta Sumobot robot prototipoa aukeratu du epaimahaiak, 446 proiekturen artean. Horrela, garaikurrarekin batera, 1.000 euroko ordainsaria jaso dute.

Mondragon Unibertsitateak eta Orona Fundazioak hirugarrenez antolatutako sariketa da, Project Based Learning (Proiektuetan Oinarritutako Ikasketa) metodologia garatzeko helburuz eta, finean, benetako arazoak ebazteko lan egin behar izaten dute ikasleek; Europa iparraldean nahiz Amerikar Estatu Batuetan baliatzen dute metodologia. Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza espezialitate guztietako ikasleek lantzen dute PBL metodologia –2.200 inguruk–, eta 27 proiektu pasatu ziren, martxoaren 6ko finalera; unibertsitateko irakasleek eta, Orona, Ikerlan, Gureak, Innobasque eta Beterriko ordezkariek, horrela, Sumobot proiektua aukeratu zuten.

Robot prototipoa da Sumobot, eta roboten arteko borrokarako diseinatu dute. Japoniako sumo arauak oinarri hartuta, robotak arau horiei jarraitzen die eta, ondorioz, aurkaria lurrean marraztutako zirkulutik ateratzeko lan egiten du. Sarasola, Galarraga, Martin eta beren taldekideak ingeniaritza mekanikoko hirugarren mailako ikasleak dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!