Batez ere irakasleek egin dute bat grebarekin

Ataria 2018ko martxoaren 14a

Gasteizen egin dute manifestazioa, gaur. Argazkia: LAB

Unibertsitatetatik kanpoko hezkuntza publikoan greba eguna izan dute gaur eta jarraipen desorekatua izan du.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileak grebara deitu dituzte sindikatuek, gaur eta biharko. Zehazki, irakasleek, sukalde eta garbiketako langileek, heziketa berezikoek eta haur eskoletako langileek jaso dute lanuzterako gonbita. Ez da egin duten lehen lanuztea, ikasturtea hasi zutenetik borrokan ari baitira, baina oraingoan sindikatuen batasuna hautsi egin da, eta badirudi horrek eragina izan duela grebak izan duen jarraipenean. Sindikatuak, hala ere, pozik agertu dira lanuzteak jasotako babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzari hitz egitera eseritzeko deia egin diote, beste behin.

Gaurko datu orokorrak dira Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko irakasleen %70 inguruk greba egin duela. Zehazki LABek esan du irakasleen %70ak egin duela greba, ELA eta Steilasek %75ak egin duela zabaldu duen bitartean. LAB sindikatuak irakasleei bakarrik egin die grebarako deia.

ELA eta Steilasek, aldiz, eutsi diote sukaldari zein garbitzaile, hezitzaile berezi eta haur eskoletako greba deialdiari, eta gaurko grebaren jarraipena honakoa izan dela esan du: sukaldari eta garbitzaileen %65ak egin zuen greba, hezitzaile berezien %60a eta haur eskoletan %30ak.
Datuak ikusita badirudi sindikatuen arteko batasun ezak batez ere, haur eskoletan egon zen jarraipenean izan duela eragina.

Eusko Jaurlaritzak bestelako datuak eman ditu. Lakuaren arabera, irakasleen %44,75ak egin du greba, haurreskoletako %15,51ak, garbiketa eta sukaldeko zerbitzuetako %18,29ak eta heziketa bereziko langileen %24,45ak.

Manifestazioa
Greba deialdiarekin ez dute bat egin sindikatuek, baina bai mobilizazioarekin. Gaurko eguneko mobilizazio nagusia Gasteizen egin dute, eta horretara joateko deia hiru sindikatuek egin dute. Legebiltzarretik abiatu da manifestazioa eta Eusko Jaurlaritzako egoitzaraino joan dura. Manifestazioa jendetsua izan da eta hezkuntza publikoaren aldeko aldarriak entzun dira.

Bihar ere grebarako deia dute langileek; LABek irakasleei egin die dei, eta ELA zein Steilasek irakasleei eta garbiketa zein sukalde zerbitzuetako langileei, heziketa berezikoei eta baita haur eskoletako langileei ere. Biharkoan mobilizazioak Donostian, Bilbon eta Gasteizen izango dira, 12:00etan.

Langileek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote hezkuntza publikoan inbertsioak egiteko, baliabideak handitzeko, eta orain arte ezarritako hainbat murrizketa bertan behera uzteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!