Industria 4.0 bultzatzea, eta ingurugiroa eta gizartea eraldatzea proposatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 14a, 15:00
Plan estrategikoaren aurkezpenean eta gutunaren sinaketan parte hartu duten eragileen ordezkariak.

Tolosaldea Garatzenek 2018-2025 Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur, eskualdeko enpresa, gizarte eta erakundeetako eragileen aurrean. Jardunaldia Tolosaldeko balore, erronka eta konpromisoen gutunaren sinadurarekin amaitu da, eskualdeko eragile sozial, enpresarial eta instituzionalek planaren helburuekin bat egiten dutela irudikatuz.

Eskualdeko erakundetako 40 ordezkari inguru izan dira Lehiberri Zentroan, planaren lan ildoak eta ekinbideak ezagutu eta babestera. Tolosaldea Garatzeneko lehendakari eta Tolosako alkate den Olatz Peonek eta Ainhoa Aizpuruk, aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa-Garapen eta Lurralde Orekako diputatua eman diote irekiera ekitaldiari. Eskualdeko alkate eta zinegotziak, inguruko enpresa eta erakundeetako ordezkariak ere bertan izan dira.

Hiru lan lerrotan oinarritzen da plana. Arlo ekonomikoan, industria 4.0, garapen teknologikoa eta enpresa berrien sorrera dira ardatz. Ingurumen arloan, natura, efizientzia energetikoa eta mugikortasun eredu berri baten inguruko ekimenak zabaltzen dira. Horietako baten adibide izango litzateke N-1 errepidean dauden udalerrien naturalizazio prozesu baten bitartez, ingurumen inpaktua gutxitzea. Eta azkenik, gizarte arloan, eskualde elkartuago, eko-arduratsuago eta konektatuago baten bila, bizikidetza baloreak sustatzea du oinarri. Besteak beste, eskualdeak euskararekiko duen konpromisoa bereziki nabarmendu du, bizitzaren arlo guztietan euskaraz bizi ahal izateko.

Planak barneratzen dituen balore eta konpromiso guztiak Tolosaldeko Baloreen, Erronken eta Konpromisoen Gutunean jasotzen dira eta gaurko ekitaldira joandako eragileek sinatu dute ekitaldiaren amaieran. Gutuna, planaren garapenerako eta eskualdearen etorkizunera bidean, lankidetza, ingurumenarekiko ardura eta inklusioa bezalako baloreak txertatzeko tresna izatea nahi da.

Tolosaldea Garatzen garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuko plan estrategikoa izan da eta bere garapenerako Naider tokiko eta lurraldeko eraldaketa prozesuetan aditua den aholkularitza etxearen laguntza izan dute. Prozesuan zehar gizarte eta enpresa arloko 150 pertsona baino gehiagok hartu du parte, talde lan eta galdetegien bitartez. Prozesuaren bidean sortu diren material guztiak, eskualdeko errealitatearen diagnosia eta plan estrategikoa Tolosaldea Garatzenen webgunean daude eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!