Greba deialdia egin dute, gaur eta biharko, heziketa publikoan

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 14a, 08:00

Aurretik ere mobilizazioak egin dituzte sindikatuek hezkuntza publikoan lan baldintzak hobetzeko.

Irakasleen sektorean sindikatu guztiek bat egiten badute ere, izaera laboralekoetan iritzi ezberdinak daude.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan greba deialdia egin dute gaur eta biharko sindikatuek. Irakasleriari dagokionez bat egiten du gehiengo sindikalak deialdiarekin, baina izaera laborala duten lanpostuetan ezberdintasunak daude sindikatuen artean.

Irakasleen lan baldintzentzat eskatzen diren aldarrikapen nagusiak ondokoak dira: langileria handitzea, behin-behinekotasun tasa jaistea, ikasleen ratioa %10 murriztea, eroste ahalmena berreskuratzea eta bajak lehenengo egunetik kobratzea. Eusko Jaurlaritzak ez duela «inongo edukirik» jarri mahai gainean eta «kalera atera beharra» dagoela azaldu dute sindikatuetatik.

Grebarekin lotutako mobilizazioak gaurko eta biharko antolatu dituzte. Gasteizen egingo dute gaurko manifestazioa. 12:00etan Hezkuntza ordezkaritzatik atera eta Eusko Jaurlaritzan bukatuko da. Biharkoan, herrialdeka egingo dituzte mobilizazioak, eta, Gipuzkoan, Donostiako Bulebarretik aterako da manifestazioa, 12:00etan.

«Erantzun zabala» izango dela espero dute sindikatuek. Orain arte irakasleek «oro har ondo erantzun» dutela diote, eta bi egunetako grebak bere eragina izango duela ikusten dute, Eusko Jaurlaritza mahaira eseri eta benetako edukiak mahai gainean jartzeko». Orain arte Hezkuntza sailak mahai gainean jarri duena «oso gutxi» iruditzen zaie sindikatuei.

Apirilerako ere greba deialdia egitea aurreikusita dago. Halere, egin daitezkeen mahai negoziatzaileetan zer gertatzen den ikusi beharko dela azaldu dute, eta hori langileekin kontrastatu beharko dutela. Horren arabera hartuko dute erabakia.

IZAERA LABORALEKOAK

Izaera laborala duten lanpostuen sektoreei dagokionez, hau da, sukaldari eta garbitzaileak, heziketa berezikoak, eta Haurreskola Partzuergokoak, desadostasunak daude sindikatuen artean. LABen arabera, greba deialdia bertan behera geratzeko arrazoiak daude, egin diren mahai negoziatzaileek «bere fruituak» eman dituztelako.

LABetik azaldu dutenez, sektore horietan ikusi dute «eduki batzuk mahai gainean» jarri dituztela. «Ez eduki guztiak, noski, baina guk egin duguna da mahai gainean jarritako eduki horiek jaso eta, desblokeo egoera batean, berriro negoziatzeko ardura hartu», zehaztu dute. Greba bertan behera utzi arren, argi utzi nahi izan dute ez dutela nahi duten guztia lortu. Sektore laboraletan «beste etapa bat» irekiko dutela esan dute, «baina jarraituko dugu lehenagoko aldarrikapen horiek eskatzen». Bestalde, LABetik azpimarratu dutenez, «erabaki hori hartzerakoan, gure langileen oniritziarekin izan da, eta hori nabarmendu nahi dugu».

Bere aldetik, ELA sindikatuak azaldu duenez, «Eusko Jaurlaritzak abenduan egindako proposamenetan aldaketarik egon ez denez», greba deialdiak mantentzen ditu sektore guztietan. Eusko Jaurlaritza salatu du sindikatuak:: «Greba egunak deituta ditugula jakinda, hezkuntza publikoaren benetako arazoak ezkutatu asmoz greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko saiakera egitea, mahai negoziatzaileak ez deitzea, ahalik eta gehien atzeratzea, edota inolako edukirik gabeko mahaiak deitzeak negoziaziorako fede txarra baino ez du erakusten».

Bestalde, ELAk «tamalgarria» dela dio LABek heziketa berezia, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletan greba deialdia bertan behera utzi izana. Abenduko proposamenetatik «inolako aurrerapausorik ez egonik», eta urtarrilean ELA eta Steilasekin batera zortzi eguneko greba deialdia egin ondoren, otsailaren 12an deialdi horiek berretsi eta erregistratu ondoren, «greba deialdiak bertan behera uztea guztiz ulertezina eta langileekiko arduragabea» iruditzen zaio ELAri.

Steilas sindikatuak, bere aldetik, azaldu duenez, «LABek, aldebakarrez eta arduragabekeriaz, batasun sindikala apurtu eta EAJren gobernuari askatasun osoa ematea erabaki du sektore guztietako aldarrikapen adostuak aintzat hartu gabe». Gaineratu duenez, ez du Eusko Jaurlaritzaren «ultimatuma» onartuko.

Heziketa bereziko sektorearen azken bilera astelehenean izan da, eta aukera zabalik zegoen Steilasek greba deialdia bertan behera uzteko, LABk egin moduan. LABek azaldu duenez, «guk ezin izan dugu sinatu, gehiengo osorik ez dugulako. Baina bai ikusten zen langileriak orokorrean ontzat jotzen zituela edukiak eta gauza historiko batzuk zirela, hamabi urtetan lortu ez zirenak. Steilasek, gure sorpresarako ez du sinatu, eta horren harira gure haserrea adierazten dugu, eta orokorrean langileak kezkaz eta arduraz jaso dutela albiste hori».

Sektore horretan ez dela posiblea izan akordio batera iristea esan du Steilas sindikatuak, eta LABi sinatzeko «ausardia» ez izatea leporatu dio: «Hasieratik sinatzeko prest agertu bazen ere, hori gauzatzeko momentuetan, ausardia faltagatik ez du egin, nahiz eta CCOOekin batera %51ra iritsi». Steilasek gaineratu duenez, «azkeneko momentura arte» saiatu da proposamenean «zehaztapenak» sartzen eta «langile guztien onurarako» puntuak jasotzen.

Bileran, euren ahaleginak «norabide berean» joan direla diote; «administrazioaren jarrera, aldiz, guztiz itxia izan da eta gure ekarpenak entzuteko prestutasunik ez du agertu». Steilasek «akordio bateratuak» atsegin dituela dio, «elkarlanerako hautu egokienak direlako». Aldiz, «egoerak inposatutako adosteak» negoziazioetan aurrera jarraitzeko abiapuntu egokia ez dela azaldu dute. «Orain arteko jarrerari eutsiz», Steilas negoziatzeko prest agertu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!