Belaunaldi gazteagoak ere deitu dituzte, pentsiodunek, larunbateko mobilizaziora

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 13a, 15:37

Datorren larunbatean manifestazioa izango da Donostian, eta hara bertaratzeko autobusak antolatu dituzte, Tolosaldeko Harizpe, Iturriza, Beti Gazteak, Bizi-Nahi eta Duintasuna elkarteek, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen elkartearekin batera.

Joan den otsailaren 22ak argazki historikoak oparitu zizkion albiste jarioari, pentsiodun eta erretirodunen mobilizazio jendetsuak zirela eta. Geroztik, beren aldarrian aldeko indar erakustaldia eredugarritzat jo dute hainbat ahotsek, eta eredu izaten jarraitu nahi dute: larunbatean Donostian eta astelehenean Tolosan, mobilizazio bana izango da, eta Tolosaldeko pentsiodun elkarteek belaunaldi gazteak ere parte hartzera deitu dituzte.

Agerraldia eskaini dute Tolosako kultur etxean, eta bertan izan dira Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak, Bizi-Nahi eta Duintasuna elkarteetako ordezkariak. Ezer baino lehen, zorion mezu bat jarrai nahi izan dute mahai gainean, martxoaren 8ko greba feministaren harira: "Gure poza eta elkartasuna azaldu nahi diogu mugimendu feministari, emakumeen eskubideen defentsan eta, parekidetasunera bidean, martxoaren 8an egindako mobilizazioengatik".

Hari horri tiraz, Euskal Herriko zein Espainiako pentsionista eta jubilatuen aldarrietara batuko direla iragarri dute, beste behin, beren "oinarrizko eskubideen defentsan". Bide horretan, gainera, fokua jarri diote emakume pentsiodunen egoerari: "Oso gogoan izango dugu emakume pentsiodunek jasaten duten zapalkuntza bikoitza".

Hilaren 17an, 18:00etan, mobilizazio bat izango da Donostian eta, astelehenean, berriz, Tolosako udaletxe atarian elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan. Aurreko mobilizazioetan egin bezala, datorren larunbatekoan ere lau eskaera nagusi plazaratuko dituzte erretirodunek: %0,25eko igoera bertan behera uztea; pentsioen igoerarako KPIa erreferentziatzat hartzea; gutxieneko 1.080 euroko pentsioa izatea eta, azkenik, babes eta gizarte segurtasuneko erakunde propioa izatea.

Lau jomuga horietara iristeko bidea urratzen ari dira jada, baina, erretirodunek ezinbestekotzat jo dute, belaunaldi gazteagoak borroka honetara batzea: "Gizarte osoa deitu nahi dugu eta, bereziki, gazteak, datozen egunetarako deialdietan modu aktiboan parte har dezaten. Egoera honek herritar guztioi eragiten digu, eta jokoan dago belaunaldi berrien etorkizuna".

Aipatzekoa da, urtez urte 10.000 pertsona inguruk hartzen dutela erretiroa; Hego Euskal Herrian, 158.000 pentsiodun gehiago daude, orain, 2000. urtean baino,eta bikoiztu egin da pentsioa bera. Horrela, batezbesteko 1.138 euroko pentsioarekin, gizarte segurantzaren gastua ere bikoiztu egin da, 300 milioi eurotik 776 milioi eurora.

 

Autobusak, Donostiaraino

Donostiako manifestaziora bertaratzeko autobusak 17:00etan irtengo dira Tolosako San Frantzisko elizako ataritik, eta izen-emateak zabalik izango dira, ostiralera bitarte, Tolosako Harizperen eta Ibarrako Bizi-Nahiren egoitzetan. Bidaiari bakoitzak 3 euro ordaindu beharko du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!