Osasun publikoaren afera

«Tolosalderako osasun zerbitzu onena nahi dugu, besterik ez»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 13a, 12:32

Eskualde mailako osasun zerbitzuaren inguruan hitz egiteko batzar irekia egin zuten atzo, Tolosako udaletxean; aretoa bete egin zen eta TOPA, Asuncion klinika eta alderdietako ordezkariez gain, herritarrek ere hartu zuten hitza. Guztiek aldarrikatu zuten eskualderako hoberena nahi dutela, baina ez zen batasunik eman. EH Bilduk eta Podemosek lan mahai bat osatzea eskatu zuten, eta EAJk erantzun zuen hori ez dagokiola Tolosako Udalari.

Bi ordu pasatxoko batzar irekia egin zuten atzo iluntzean, Tolosako udaletxean. Otsaileko osoko bilkuran adostu zuten batzarra deitzea, eta deialdia arrakastatsua izan zen, jende ugari bildu baitzen areto nagusian.

Tolosaldeko osasun arretak hautsak arrotu ditu azken urteetan, bai eskualdean bertan, eta baita kanpoan ere, eta batzar irekia horren erakusle izan zen. TOPAk eta orain gutxi arte greban egon diren Asuncion klinikako langileen ordezkariek hartu zuten hitza lehenik, eta euren hausnarketa eginda, EH Bildu eta Podemos alderdietako ordezkariek hitz egin zuten. Eta bukatzeko, herritarrek hitz egiteko aukera izan zuten, tartean klinikako hainbat langilek, eta, orokorrean, askori bilera motz geratu zitzaiela eta batzarraren helburua ere ez zutela argi adierazi zuten. Galdera zuzenean egin zieten udaleko ordezkariei eta erantzuna izan zen osoko bilkuran lasai hitz egiteko aukera ez dutenez, elkarrizketari bidea irekitzeko deitu zuela bilera udalak: “Lasaitasunez hitz egitea eta zuen iritziak biltzea da helburua”. “Baina zer egingo duzu gero, hemen bildutakoarekin?”, galdetu zioten orduan. “Dagokion tokira eraman”, erantzun zuen Olatz Peon alkateak.

Tolosako Udalaren izenean alkateaz gain, Jokin Azkue zinegotziak hitz egin zuen eta orokorrean, bitan banatu zuten gaiari zegozkion aferak: lan arloari dagokiona –langileek hitzarmena berritzeko egiten ari diren borrokaldiari lotuta– eta alkateak “ideologikoa” deitu ziona, hau da, ereduaren publikotasunari edo pribatutasunari lotutakoa.

Olatz Peonek dagokion tokian “beti defendatu” dutena defendatzen jarraituko dutela esan zuen, “eskualdean ematen den osasun arreta publikoa, kalitatezkoa eta doakoa” izatea. Hiru oinarri horiei egin zien erreferentzia behin eta berriz, eta argumentu horri lotuta egin zituzten ekarpenak EH Bildu, Podemos eta hainbat herritarrek. EH Bilduren izenean Ibai Iriartek hitz egin zuen eta hiru oinarri horiekin ados egonda, horiek xehatzeko eta Lakuara eskaera zehatzekin joateko lan mahaia osatu beharraz hitz egin zuen. “Osatu dezagun lan mahaia, eragileak, alderdiak, herritarrak, bilduko dituena. Joan gaitezen Lakuara ahots bakar batekin”, esan zuen. Podemoseko Iñigo Cabiecesek ere hartu zuen hitza, eta ildo beretik hitz egin zuen eta galdera zehatza egin zien PSE eta EAJko ordezkariei: “Hartzen al duzue lan mahai bat osatzeko konpromisoa? Eta hortik abiatuta galdeketa bat deituko al duzue jendeari zein sistema nahi duen galdetzeko?”. Olatz Peonek erantzun zien, ezezko borobila jarri zuen mahai gainean: “Ez da gure eskumena, Eusko Jaurlaritzak osatu beharko luke, hemen ez dugu osatuko”. Podemoseko ordezkariak alde egitea erabaki zuen orduan.

Batzarrean behin baino gehiagotan sortu zen zalaparta eta behin eta berriz entzun zen Inviza enpresako buruak, Jesus Gomez Montoyak, enpresa pribatu hutsa balitz bezala kudeatzen duela Asuncion klinika. “Montoya enpresari bat da, eta enpresa pribatuaren helburua ez da kalitateko zerbitzu bat ematea, dirua egitea baizik”, esan zuen Asuncion klinikako traumatologo batek.

Galdera zuzenak

TOPA zein langileen ordezkariek klinikan bizi duten egoeraren berri eman zuten; traumatologo falta, itxarote zerrenda luzeak, eraikinaren beraren baldintza kaskarrak... Lan baldintza kaskarrak edukita ere, Asuncion klinikako langileen lana txalotu zuten. “Argi dago lan baldintza kaskarrak ditugula; mediku batzuek 10 orduko lanaldia ere izaten dute, egutegia etengabe aldatzen dute... Hitzarmen bat behar dugu, gure lan baldintzak hobetzeko. Hala ere, Asuncion klinika EAEko 6 ESI, erakunde sanitario integratu onenen artean kokatu dute, ez dakit nola neurtu duten hori, baina hala bada, langileek lan bikaina egiten dutelako da, nahiz eta baldintza ez egokiak eduki”, esan zuen langileen ordezkariak. Montoyak ez duela eurekin hitz egin nahi ere esan zuen, eta par algarak entzun ziren Olatz Peonek esan zuenean enpresarekin egindako azken bileran akordioa “oso gertu” zegoela esan zietela esan zuenean. ESIaren gaiari lotuta egin zituen adierazpenak alkateak: “ESI onenen artean egotea oso ona da”.

Kateatuta

Gai bat baino gehiagotan kateatu ziren atzoko bileran. Batetik, klinikaren jarduera baimenarekin gaiarekin. Herritar batek ez duela baimenik nabarmendu zuen eta hala ere, udalak obrak egiteko lizentziak eman dizkiola esan zuen. “40 urte daramatza jarduera lizentzia gabe, eta alderdiek erantzukizuna duzue”, esan zuen herritarrak. Horren inguruan behin baino gehiagotan hitz egin zuten bileran, eta horren inguruan azalpenak eman zituen Jokin Azkue zinegotziak: “Egia da, ez du jarduera lizentziarik, baina hor badaude legeari dagozkion xehetasun gehiago, horren berri emateko prest gaude, baina orain ez da unea. Dena den, esan behar da, baimenaren gaia ez dela horren zurruna, zerbitzu publiko bat eskaintzen duenez ezin baita itxi”. “Legealdi honetan txostena ireki dugu zentzu horretan eta ondorioz, epeak martxan jarri dira. Jarduera baimena eman ahal izateko obra batzuk egin behar dituzte, eta ondorioz, lan horiek egiteko baimena eman behar zaie”, gaineratu zuen Peonek.

Kontzertazioa bera ere eztabaida gai izan zen. Tolosaldeko arreta zerbitzua kontzertazio bidez, hau da, pribatuaren eta publikoaren arteko akordio bidez, ematen da. 1994. urteko akordio bati lotuta dago kontzertazio hori. “Garai batean bost klinika pribatu zeuden, eta horiek ixten joan ahala, Tolosaldean zerbitzua emateko kontzertazio baten beharra ikusi zen”, azaldu zuen Peonek. “Orduan beharrezkoa izango zen, eta alderdi guztien adostasuna izan zuen akordioak, baina orain ez gaude ados, eta aldatu beharraz hitz egiten ari gara”, esan zuen EH Bilduko Iriartek. “Argi dago akordioak ez duela funtzionatzen, langileek abian duten borrokaldia horren adierazlea da, enpresa pribatu batek helburu zehatzak ditu”, gehitu zuen.

Inviza enpresak urtean 21 milioi euro jasotzen ditu Eusko Jaurlaritzatik, kontzertazioari esker. Eta diru hori ez da langileen lan baldinzetan eta ospitaleko eraikinean eta materialean inbertitzen. Hori salatu zuten langileek. Eraikineko sabaia gainera erori zitzaien ia, urgentziek 300 metro karratu dituzte, eta Bidasoan, esaterako, 1.300 metro karratu dituzten bitartean; 6 traumatologo eta erdi egon beharko lirateke, eta bat eta erdi daude; espezializaziorik gabeko mediku espezialistak daude, arazoak baitituzte lan baldintza horietan espezialistak izateko; itxaron zerrenda luzeak daude.... hori salatu zuten langileek, beste hainbat daturekin batera, eta galdera bat bota: “Zein etorkizun dugu aurretik? Larria da”. Montoya enpresari gisa marraztu zuten langileek, behin eta berriz: “Montoyak dirua nahi du, enpresaria da, bost axola zaio osasun arreta. Asuncion klinika euro baten truke erosi zuen, eta egia da klinikak zorra zuela, baina Eusko Jaurlaritzak esan zion zor hori kitatu behar zuela, baina ezin omen du, osasunaren inguruan saretu duen enpresa festa baliatzen du zor duena ez ordaintzeko, eta irabaziak izan arren, langileengan eta klinikan ez inbertitzeko”. Inbertitu zuen aldi bakarretako batean, Belateko eta Andoaingo anbulatorietan inbertitu zuela esan zuten ere, “eta horiek ez dira Invizakoak ere, Geusarenak dira, bere beste enpresa bat”.

Beste eskualdeak

Alkateak beste eskualdeetan ematen den zerbitzu bera nahi dutela esan zuen. “Ematen den arreta publikoa da, kalitatezkoa eta doakoa, eta hori Eusko Jaurlaritzaren bidez ematen den kontzertazioak ematen du. Egia da posturen arabera, hainbat interpretazio egin daitezkeela. Espezialitateen ingurua, esaterako. Topako Javik (Arana) esan zuen mediku orokorrak zerbitzura atxikita daudela, hain zuzen, lan baldintza horietan lan egiteko prest dauden espezialistak lortzen ez dituztelako. “Bilera bat egin genuen ESIren arduradunarekin eta hori ere jarri genuen gainean, eta esan zigun ez zeudela espezialistak hainbat arlotan, esaterako etxerako zerbitzua eskaintzen duten espezialisten artean, hain justu ez dagoelako horri lotutako espezialitate zehatz bat, horregatik egiten dute lan hori espezialista orokorrek. Horregatik dena azaldu behar dela, alarmarik ez sortzeko”, esan zuen Peonek. “Guk beti eskatuko dugu arreta publiko, doako eta kalitateko bat, beti. Eta Osabide zerbitzu informatikoa jartzeko ere eskatzen dugu, oso garrantzitsua iruditzen zaigu”, gaineratu zuen. Gobernuarekin eta zuzendaritzarekin egiten dituzten bileretan kalitatezko zerbitzuan jartzen dutela arreta esan zuen alkateak.

Langileek eta TOPAk eskaera zehatza egiteko baliatu zuten bilkura. “Hemen atera diren datu guztiak egiaztatu eta joan gaitezen Eusko Jaurlaritzara denak batera”, esan zuen langileetako batek. “ESIa lortzeko parametroen arabera, ematen den zerbitzua egokia dela diozu, baina berdina pentsatzen al duzu hemen entzundako guztia eta gero? Herritarrek ez dute uste kalitatezko zerbitzua jasotzen dutenik, agerian geratu da hori”, gaineratu zuen TOPAko arduradunak.

Asuncion klinikak Tolosaldeko 28 herrietako bizilagunak artatzeaz gain, Legorreta eta Andoaingoez ere arduratzen da, eta langileek esan dute Tolosako Udalaren jarrera ikusita, beste herrietako udaletara ere joko dutela babes bila. Andoainen izan dira jada, eta erantzun ona jaso dutela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!