'Ekairi gutuna' idazteko proposamena Aiztondo Gutun Lehiaketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 12a, 17:45

Aiztondo zerbitzuen mankomunitateko kultura dinamizazio arloak Aiztondo XI. Gutun lehiaketa deialdia egin du. Lanak jasotzeko azken eguna apirilaren 23a izango da.

Gutunak honako helbidera bidali beharko dira: "Aiztondo XI. Gutun lehiaketa. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko Bulegoak. Muñoa kalea, 36 Behea. 20159 Zizurkil". Egilearen datuak kartazal txiki batean sartu (izen-abizenak, adina, telefonoa, helbidea), ondoren kartazal txikian izenorde bat jarri eta gutuna kartazal handiago baten sartu eta bidali beharko da. Bestela, aiztondokogutunak@gmail.com helbidera bidali ahal izango dira lanak. Gutuna fitxategi batean bidaliko da 'izen ordekoa' izenarekin eta egilearen datuak 'egilea' izena duen beste fitxategi batean bidali beharko dira. 

Sariak ekainaren 8an emango dira, 18:00etan Alkizako kultur aretoan eta ekitaldian saritutako lanak irakurriko dira. Kategorietan banatuko dituzte parte hartzaileak 6-8 urte artekoak (A maila), 9-11 urte artekoak (B maila), 12-16 urte artekoak (D maila) eta 17 urtetik gorakoak (E maila). Kategoria bakoitzeko sariak banatuko dira. A eta B mailetan, lehen eta bigarren saridunek diplomak eta opariak jasoko dituzte. D mailan lehen saridunak diploma eta 100 euro eta bigarrenak diploma eta 50 euro jasoko dituzte. Helduen kategorian, lehen saria lortzen duenak 300 euro eta bigarrenak 150 euro jasoko ditu, diplomez gain. Gainera, Aduna, Alkiza eta Larraulgo herrietako idazlerik onenak afari bat eskuratuko du bi pertsonentzat.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake. Gutunak bi orri hartuko ditu gehienez, bakarrik alde batetik idatzita. "Ekairi gutuna" gaiaren inguruan idatzi beharko dute gutuna. Epaimahaiak estilo, kontatutakoaren garapena, aurkezpena eta originaltasuna hartuko ditu kontuan, eta eskuz idatzitako lanak badira, baita kaligrafia ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!