Ander Uranga, Espainiako Txapeldun

Mikel Iraola 2018ko mar. 12a, 14:16
Argazkiak: Espainiako Atletismo Federazioa / Tolosa CF Atletismo taldea

Tolosa CFk bi domina lortu ditu 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketan: Ander Uranga anoetarrak urrezko domina irabazi du 200 metroko lasterketan; John Cabangek, berriz, zilarrezkoa 60 hesietan. Eskualdeko 6 atleta izan dira lehian.

Tolosa CF Atletismo taldeak harrobiarekin egiten duen lanak fruituak ematen jarraitzen du. Asteburuan 18 urtez azpikoen pista estaliko Espainiako Txapelketa jokatu da Antequeran (Andaluzia), eta bigarren astez jarraian, taldeko atleta batek urrezko domina irabaztea lortu du.

Oraingoan, Ander Uranga anoetarra izan da txapeldun, 200 metroko lasterketan. Larunbatean kanporaketa proban azkarrena izan zen, baina denborarik onena egitetik urrun geratu zen. Arratsaldeko finalaurrekoan bai, ordea. Denborarik onena egin zuen eskualdeko atletak: 22.30. Finala igandean jokatu zen, eta lehen postua lortzeaz gain, Gipuzkoako errekorra puskatzea lortu zuen: 22.06. Sari bikoitza, beraz, Urangarentzat. Jose Ruben Benitez eta Ibai Serranok osatu zuten podiuma. Joseba Larraurik ere hartu zuen parte 200 metroko proban, baina ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu.

Bigarren domina bat ere ekarri dute eskualdera: John Cabang txapeldunorde izan da 60 hesietan. Kanporaketan, bere lasterketa irabazi zuen, eta hirugarren denborarik onena egin zuen tolosarrak: 8.16. Finalaurrekoan bigarren izan zen, finalean bezalaxe. Finalean, ordea, lehen postua gertu izan du. Hain zuzen, 2 ehunenekora. Tolosako atletak 8.05eko denbora egin zuen, eta Mario Revenga txapeldunak, berriz, 8.03.

Nora Ituarte finalaren atarian geratu zen 60 metroko lasterketan. Kanporaketako 5. seriean bigarren egin zuen (7.88). Finalaurrekoan, ordea, denbora kaskarragoa egin zuen, 7.90, eta finelako txartela lortzetik lau ehunenekora geratu zen. Hain zuzen, bere aurretik zeuden guztiak sailkatu ziren. Lizeta Nnegue, pisu jaurtiketan, eta Jone Agirrezabala 60 hesietan ere izan ziren lehian.

Espainiako Kros Txapelketan ere emaitza onak

Asteburuan Espainiako Kros Txapelketa ere jokatu da Meridan. Tolosa CF Atletismo taldeko Ander Ortiz eta Maria Lasak, eta Unai Arroyo tolosarrak hartu dute parte. Arroyok 36. egin zuen, 32:54ko denbora eginda. Ortiz anoetarra 56. postuan sailkatu zen (33:39). 20 urtez azpikoen lasterketan, Maria Lasa irurarrak seigarren egin zuen, txapeldunarengandik 24 segundora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!