Eskola Txikien topaketak 420 haur bildu ditu Berazubin

Ataria 2018ko martxoaren 9a

18 ikastetxetako 420 ikasle inguru bildu ditu Eskola Txikien Kirol Topaketak, Berazubi estadioan. Goiz osoa jolasean pasa dute.

Bigarren eta hirugarren zikloko ikasleak izan dira jolasean, zazpi eta hamabi urte bitartekoak: brilleta, soka-tira, lokotx bilketa, txingak, paraxuta... Atletismo pista aprobetxatuz, beren herrietan egin ezin dituzten jarduerak egiteko ere aprobetxatu dute, hala nola, luzeera jauzia, pisua edo lasterketak.

Tolosaldetik Abaltzisketa, Aduna, Alkiza, Altzo, Albiztur, Berrobi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Lizartza eta Zizurkilgo eskolek hartu dute parte. Eskola txikia ez den arren, Berastegiko Muñagorri eskolakoak ere bertan izan dira, topaketa antolatzen hasi zirenean hala zelako eta geroztik ohiturarekin jarraitu nahi izan duelako. Aginaga, Aizarnazabal, Errezil, Gabiria, Itsasondo eta Olaberriatik ere etorri dira. Goiz ederra pasa dute guztiek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!