Aldundiak 1.150 plaza eskainiko ditu Udalekuetarako

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 9a, 13:44

Datorren asteazkenean, martxoaren 14an, zabalduko da Udalekuetan izena emateko epea. Gipuzkoan, 7 eta 13 urte bitarteko 1.150 ikaslek parte hartuko dute, uztailak 1 eta 29 bitartean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek batera antolatzen dute Udalekuen kanpaina. Aurten hiru lurraldeetako 4.642 ikaslek hartuko dute parte. Gipuzkoaren kasuan, 1.150 izango dira onuradunak, horietatik %5, hezkuntza behar bereziak dituzten haurrak.

Programa ludiko eta hezitzaileak eskaintzen dituzte udalekuek. Horretarako, aldundiaren jabetzako instalakuntzak zabalduko zaizkie haurrei. Araban, Zuhatza, Barria eta Valderejo; Bizkaian, Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, La Arboleda, Lekeitio, Meakaur, Galdames, Zugarramurdi eta Legasa; eta Gipuzkoan, Orio, Zarautz, Segura, Hondarribia eta Zestoa.

Azken hauek aurten atxikitu dira udalekuen programara. Hondarribiaren kasuan, barnetegi teknologikoa izango da; Zestoan, berriz, Sastarrain baserri eskolako ingurumen arloko jarduerak izango dira nagusi. Horrez gain, kirol jarduerak eta jolasak dute pisurik handiena udaleku hauetan. Instalazio bakoitzeko ekintza guztiak Diputazioko liburuxkan eta web-orrian kontsulta daitezke.

Txanda eta plazen banaketa

Zazpi eta hamar eguneko txandak eskainiko dira. Hizkuntza ereduka, 4.642 plazetatik, 4.332 euskaraz dira eta 310 bi hizkuntzetan. Adinka, 7-8 urte bitarteko 473 plaza, guztiak euskaraz; 9-11 urte bitarteko 2.455 plaza, 2.275 euskaraz eta 180 bi hizkuntzetan; eta 12-13 urte bitarteko 1.714 plaza, 1.584 euskaraz eta 130 bi hizkuntzetan.

Preinskripzioa eta zozketa

Gipuzkoako preinskripzio epea martxoaren 14tik 26ra izango da. Jardueretan parte hartuko duten umeen kopurua ahalik eta handiena izan dadin, lekuen esleipenean lehentasuna emango zaie aurreko urteetako kanpainetan parte hartu ez zutenei. Azken 4 urteak hartuko dira kontuan, taldeei zozketarako zenbakiak esleitzeko.

Kuotak

Aurtengo kanpainan, ordainketa-kuota progresiboak aplikatuko dira. Parte-hartzaile bakoitzak ordaindu beharreko kuota 2016. urteko errenta-aitorpenaren arabera kalkulatuko da. Familia ugariei, Gizarte Larrialdietako laguntzaren jasotzaileei, kide guztiak langabezian dituzten familiei eta familia gurasobakarrei emandako hobariak mantendu egiten dira.

Ordainketa

Ordainketa era hauetako batean egin daiteke:

- Udalekuetako web-orriaren bitartez. (aurretiko izen-ematea egin duzun atalean).
- Kutxazainetan: “ordainagirien ordainketa” aukera erabiliz.
- Banketxeetako on-line zerbitzuen bidez.
- Edozein sukurtsaletan.

2 zatikako ordainketa eskainiko da, hurrengo kasuetan ezik:

- 50 euro baino gutxiagoko kuotetan
- Ekainean banatzen diren plazetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!