“Errezilen etxe gehiago egingo direla, eta zer? Euskara ahultzeko beldurra? Baina gu beti izan gara euskaldunak eta hala izaten jarraituko dugu”. Ez dugu errezildarraren ahotik entzun esaldi borobil hori, baina izan zitekeen, halakoxea baita aldartea biztanle berriak etorriko badira ere euskal komunitatea arriskuan ikusten ez denean. ARGIAk Xebero Agirretxe herriko alkatearekin, Nekane Zinkunegi zinegotziarekin eta Arritxu Zelaia hizkuntza aholkulariarekin hitz egin du. Hirigintza plana eta euskara zaku berean sartu dituzte eta “bonbilla piztu “ zaie. Alegian beste hainbeste egin du Inhar Agirrezabal arkitektoak, lantalde zabala ondoan duela.
UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, egin du akuilu lana Errezilen. HAPOa (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) prestatzen ari zirela jakin zuen UEMAko teknikariak eta euskara zinegotziari eta alkateari esan zien momentu aproposa zela ELEa egiteko, hau da, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Ez zuten ezagutzen hirigintza plan batek herrian izan zezakeen eragin linguistikoa neurtzeko tresna, baina bitan pentsatu gabe baietz esan zuten.
Hirigintzak eta euskarak nolako lotura izan dezaketen ez zuten hausnartuta. Errezilen %89,33k euskaraz daki eta erabilera %94,10ekoa da. Zinkunegi zinegotziak horrela dio: “Halako kezkarik ez genuen, zentzu horretan nahiko erlaxatuta bizi gara. Euskaldunak izan gara eta izango gara, hori bermatzeko ezeren beharrik ez daukagula pentsatu izan dugu”. Agirretxe alkatea paretsu aritu da: “Kale bat nola urbanizatu, etxebizitzak banaka egin, blokean, denak batera edo lehenengo batzuk eta tarte batera besteak... Kontu horiek euskaran eragina izan dezaketela? Horrelakorik ez genuen uste”.
Zelaia hizkuntza aholkulariak Orexako, Munitibarreko eta Errezilgo ELEak bideratu ditu eta errezildarrentzat giltzarria izan zen Munitibarrekoa entzutea; 462 biztanle eta asmoa 200 biztanle gehiagorentzat etxebizitzak egitea.
Solaskideei aipatu diegu hamar urtean (2001-2011)euskararen ezagutza %9,2 jaitsi dela Errezilen. Ez diote garrantzi berezirik eman jaitsierari eta ez dira konturatu beherakada bat zetorrela hainbat etxebizitza egin zen garaiarekin.
Zinkunegik dio orain gaia bestelako antiojoekin ikusten hasi direla, hirigintza eta euskara natural uztartzen: “Hirigintza plana osorik edo erdizka bete, bizilagun berri asko edo gutxi etorri, kontu honek txipa jarri digu. Turistak ere etortzen dira Errezila eta hor zerbait egiteko izango dugu. Udalekuetan atzerritarren umea ibili zen eta konturatu ginen gurasoek etxera bidalitako oharrak ez zituztela ulertzen, euskaraz baitzeuden. Ele bitan hasiko gara oharrak bidaltzen? Ez, ez. Gure hizkuntza oso osasuntsu dago, baina erne ibili behar dugu. Etorri denaren hizkuntza eskubideak errespetatuko ditugu, baina gureak urratu gabe”. Zinegotziak ahalduntzea aipatu du, alegia, hizkuntza kontzientzia landu duen herriak halako egoeratan negoziatzeko gaitasun handiagoa duela. Hari horri tiraka atera da endogamiaren kontua. Hizkuntza aholkulariak aipatu baitio euskara ez dakiena bakarra bada moldatzen errazagoa dela, baina kolpera hamar etorriz gero nekezagoa dela dezentez. Oreka nola lortu. Jende askorentzako etxebizitzak eraiki eta euskara ez dakitenak badatoz, komeriak hizkuntzari eusten; era berean, herria bizirik nahi dute, hustutzeari izkin egin. “Badirudi ez dugula nahi kanpotik inor etortzerik. Ez da horrela, baina kezka eragiten digu”.
Ondoko herrira begira
Ez dute inoren etxean sartzeko asmorik, baina ezinbestean alboko herriaren adibidea jarri dute mahai gainean. Bidania-Goiatzek 2001ean 427 biztanle zituen eta 2016an 514. Etxebizitza berriak egin eta kanpotik heldu da jendea. Hasieran, lotarako etxe gisa gehiago ziren erabiliak. Gaur egun herri-bizitza gehiago egiten dute biztanle berriek. Hainbatek ez daki euskaraz. Udalean euskaraz ez dakien zinegotzia dute. Tristuraz hitz egiten dute gertatutakoaz, eta ez dute esan nahi kanpoko jenderik ez dutenik nahi. Herrian hizkuntza kontzientzia landu eta hirigintza plana tentuz egin behar dela uste dute. Bizilagun berriak herriko hizkuntzara moldatzea nahiko lukete, eta ez alderantziz.
Eta ELEaren emaitza nola hartu dute?
ELEak dio hirigintza planean aurreikusitako etxebizitza guztiak egingo balira (ez da izaten ohikoa denak egitea) hizkuntza eragina moderatua litzatekeela, hau da, euskara ezagutzaren beherakada %4koa litzateke. Zinegotzia larrituta sentitzen da zifra ikusita: “%4ko jaitsiera, 600 biztanleko herrian pentsa zenbat den! Era berean, azterketak dio eragin moderatua dela hori”. Hizkuntza aholkulariak erne ibiltzeko eta era berean lasaitzeko arrazoiak eman ditu. Batetik, nahiz eta %4ko aurreikuspena hipotesirik txarrena den (etxebizitza guztiak egin, denak bete, eta aurreikusitako erdaldun kopurua iritsi), ehunekoa ez da gutxiestekoa, batik bat kontuan hartuta aurretik %9,2ko jaitsiera izan dutela. Bestetik, Errezilen euskara trinko dago, babes sistema bat dauka, UEMAn dago herria, hizkuntza plangintza bat dauka. Beherakada hipotetikoari galga jartzeko bitartekoak baditu. Beste udalerri batzuek ez dute halakorik.
Alegian ere bai
UEMAko kide da Alegia. ELEa egiteko lantaldean aritu dira Unai Iraola alkatea, Mikel Artola euskara zinegotzia, Goizane Arana UEMAko teknikaria eta Inhar Agirrezabal udal arkitektoa. Arkitektoak proposatu zion Udalari ELEa egitea eta berak egin du. Alegiako hirigintza planaren ikuspegia kontuan hartuta, erabat naturala egin zaio arkitektoari ELEa egitea. Planak ekologia, genero eta gizarte ikuspegia jasotzen ditu, eta beraz, gizarte ikuspegian, bete-betean, datoz herriko kultura eta hizkuntza.
Udaleko kargu politikoak hizkuntzaren egoeraz kezkatuta sumatzen ditu. 2011n euskararen ezagutza %76,7koa zen, ordea, migrazioek eragin zuzena izan dute ezagutzan. Joan-etorri handia dago herrian. Zein eragin izango luke etxebizitzak egiteak hizkuntzan eta herri giroan? Lau etxebizitza-plan hipotesi egin dituzte. Lehen hirurek eragin moderatua izango lukete eta laugarrenak larria.
Ezkaratzean topo egiteko etxeak
Etxeak prezio librekoak, tasatuak, babes ofizialekoak... Horren garrantziaz hitz egiten aritu gara Agirrezabal arkitektoarekin. Alabaina, berak fokua beste nonbait jarri du: “Arkitektura soziala egin nahi badugu eta euskara bultzatu nahi badugu auzokoek elkar topo egiteko moduko etxeak egin behar ditugu. Betiko zortzi ateko ezkaratzea diseinatuko dugu ala leiho guztien azpitik pasako den pasilloa egingo dugu? Jendeak topo egin behar du, baina bai, zailtasunak ditugu”. Arkitektoak esan nahi du barrura begirako bizitza gailendu dela gure artean eta espazio komunak sortzeak erreparoak sortzen dizkigula. Batek eta besteak esan diote elkarguneak kalean sortu behar direla. Kalean ordea, jatorrizko herritarrak gero eta gutxiago dabiltza, eta ohituraz errazago biltzen dira atzerritik etorritako komunitateak, sahararrak adibidez. Horiek ez dira euskaraz ari.
- 600 biztanle, atzerritarrak 35.
- Euskara ezagutza: %89,33*
- Erabilera: %94,1**
- Aurreikusitako etxebizitza kopurua: 35, oraingoaren %11ko igoera.
- Proiekzio indizea: %4 jaitsiko litzateke euskara ezagutza.
*Eustat **Soziolinguistika Klusterra
- 1.756 biztanle, atzerritarrak 194.
- Euskara ezagutza: %76,74*
- Erabilera: %77,60**
- Aurreikusitako etxebizitza kopurua: hipotesi txikiena (134 etxebizitza berri) eta hipotesi handiena (85 etxebizitza huts bete eta 161 berri egin).
- Euskararen proiekzio indizea: hipotesi txikienean %4,09ko jaitsiera eta handienean %6,51koa.
*Eustat **Soziolinguistika Klusterra
Erreportaje hau Argiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ATARIAra.