Komunikazio ez bortitza: harremanak zaintzea helburu

Rakel Pascualek eta Carmen Carreterok komunikazio ez bortitza teoria lantzen dute. Beste pertsonekin dituzten gatazkak kudeatzeko estrategiak garatzen dituzte, beren buruarekiko eta besteekiko zaintza eta enpatia oinarri hartuta.

Nola jokatzen duzu seme-alabekin gatazkak dituzunean? Eta bikotekidearekin? Lagunekin? Nola lantzen duzu komunikazioa gatazketan? Seme-alabak zigortzen dituzu? Nola konpontzen dituzu gatazkak? Harreman horietan, zein garrantzia ematen diozu komunikazioari? Rakel Pascualek eta Carmen Carreterok komunikazio ez bortitzaren teoria lantzen dute galdera horiez hausnartzeko. Tolosaldeko Lanbide Heziketako Eskolan elkartzen dira hileko bi astelehenetan beste lau kiderekin batera; hitzordura batu eta teoria hori izan dute hizpide, beren bizipenetatik eta esperientziatik abiatuta.

Bizpahiru urte daramatzate Marshal Rosenbergek sortutako teoria lantzen, eta beren seme-alabekin dituzten gatazkak kudeatzeko estrategiak ikasi eta partekatzen dituzte. Azpimarratzen dute, ordea, bikotekidearekin, lagunekin edota gurasoekin aplika daitezkeela teoria horien oinarriak: «Nire seme-alabekin komunikatzeko oso interesgarria zela iruditu zitzaidan, baina pixkanaka-pixkanaka, nire lanean ere [irakaslea da] aproposa dela konturatu naiz».

Filosofia horren oinarria da komunikazioa oztopatzen duten elementuak kentzea, komunikazioa eraginkorragoa izateko. Teoriak lau oinarri ditu: behaketa, sentimenduak ezagutzea, beharrak identifikatzea eta eskaera. Behaketa gertaerari buruz ahalik eta objektiboen hitz egitean datza: «Komunikazioan egon daitezkeen oztopo guztiak kendu behar dira lehenengo».

Gertaera horrek zein sentimendu eragin ditu? Hori da bigarren pausoa. «Gertaera hori gertatu denean, modu batera edo bestera sentitu naiz, eta sentimendu horiek dira ase gabe dagoen behar baten seinale».

«Sentimenduak behar bat edo batzuekin lotuta daude», jarraitu du Carreterok. «Zerbait gertatzen denean, sentimendu atseginak ditut nire beharrak asetzen direnean; aldiz, sentimendu desatseginak izango ditut nire beharrak asetzen ez direnean. Sentimenduak atseginak edo desatseginak dira, ez onak eta ez txarrak», zehaztu du Carreterok.

Behar guztiak mahai gainean daudenean, ase gabe daudenak asetzeko eskaerak edo ekintzak bilatzea da laugarren pausoa. Prozesu horretan guztian, oso garrantzitsutzat jotzen dute enpatia: «Horren ondorioz, geure burua eta bestea ulertzen dugu».

HELBURUA: KOMUNIKAZIOA ERRAZTEA

Metodo honen helburua ez da pertsona batek berak nahi duena lortzea, Pascualek azpimarratzen duenez: «Metodo honen xedea ez da besteak nik nahi dudana egitea, harremana zaintzea baizik». Carretero ere iritzi berekoa da: «Guk lortu nahi dugunak agian ez ditu beste kidearen beharrak asetzen; ez du bermatzen nahi dudana lortuko dudanik, baina ziurtatzen du komunikazioak gure arteko harremana zainduko duela. Hori oso garrantzitsua da».

Harremana zaintzearen onurak azpimarratu ditu Pascualek: «Harremana zainduz gero, errazago lor dezakegu nahi duguna. Izan ere, metodo horren bidez lor ditzakegu gertutasuna eta konfiantza, eta elkar zaintzen dugu. Hori horrela, beste pertsonari zerbait eskatzen diogunean, hark gogoa izan dezake niri laguntzeko», adierazi du Pascualek.

Ildo beretik jarraitu du Carreterok: «Prozesu horretan guztian, bestearekin dugun harremana ezagutzen ari gara eta hori da teoria honen magia. Guk ikasi egiten dugu, eta baita besteak ere». Izeberg-a osatzen duten puntu guztiak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du Pascualek: «Gatazka batez hitz egitean, uraren gainean dauden puntuei buruz bakarrik hitz egin dezakegu, edo uraren azpian sartu eta ikus dezakegu askoz ere gauza gehiago daudela gatazka baten atzean. Gatazka ezberdin tratatuko dugu den-dena ikusiz gero».

PRAKTIKAN JARTZEA

Teoriaren oinarriak oso argiak dira, baina nola jarri praktikan? Hor dago koska. Zein estrategia erabiltzen dituzte oinarri horiek praktikan jartzeko? Erantzuna argia da: «Sormena». Adibide praktiko batera jo du Pascualek: «Niretzat, guraso moduan, oso garrantzitsua da haurraren ongizatea; hori dela eta, haurrak lentejak jateko beharra duela pentsa dezaket. Ordea, kontura gaitezke guk nahi duguna dela haurra ondo elikatzea, eta orduan ikusten dugu ez dauzkala lentejak jan beharrik; agian beste alternatiba batzuk egon daitezkeela. Normalean, behar guztiak kontuan hartzen ditugunean, estrategien abanikoa ere zabaldu egiten da; izan ere, ikusten dugu guretzat garrantzitsuena ez dela lentejak jatea, umeak osasuntsu egotea baizik».

Orduan, teoria honek zer iritzi du zigorrei buruz? Aplika daitezke? Horrela azaldu du Pascualek: «Teoria honek ez du inoiz esango zerbait gaizki dagoen edo ondo dagoen. Pertsona batek zigorra jartzeak esan nahi du bere behar bat asetzen saiatzen ari dela. Momentu horretan, estrategia bakarra hori dela sentituko dugu, eta hori izango da, ziur aski, guretzat onena den aukera». Geure buruari galdetu behar dioguna zera da: Zigor hori zergatik jarri duzu? Zuk nahi duzuna lortzeko erabaki duzu zigorra jartzea? Posible da zigorra jarri beharrean beste era batera egitea? Zeren eta zigorra jartzen dugunean gure beharrak aseko ditugu agian, baina ez umearenak. Zentzu horretan, agian epe motzean nahi genuena lortuko dugu, baina epe luzean, beste behar batzuk ase gabe utziko ditugu. Momenturen batean, estrategia bakarra hori dela sentituko dugu, eta hori izango da, ziur aski, guretzat onena den aukera».

Inoiz amaitzen ez den ikasketa prozesu bat da, Pascualek eta Carreterok azpimarratzen dutenez: «Akatsak egoten dira, saiakerak, etab. Momenturen batean, geure onetik ateratzen garenean eta beste pertsonari eta geure buruari mina eman diogula ikusten dugunean, horri buruz hausnartzeko aukera ematen du. Agian ez dugu irtenbiderik topatuko, baina prozesua berriz ere gure buruarekin egiten dugunean, ikusten dugu zergatik egiten dugun egindakoa, eta bestearengan ere zein eragin izan duen».

Egoera horien kausak eta ondorioak ulertzeko elkarrizketa «sakonak» izaten dituzte beren seme-alabekin: «Ez dugu barkatu hitza soilik erabiltzen, galdetzen diogu zer gertatu zaion, nola sentitu den...», azaldu du Pascualek. Prozesu hori oso lagungarritzat jo du umearentzat ere: «Agian horrelako egoeretan errudun sentitzen dira, pentsatzen dute zergatik egin duten horrelako zerbait... Eta ikusten badute beraiek ere horrela jokatzeko arrazoiak zituztela, beren egoera zein den ulertuko dute».

Beharrak. Sentimenduak. Enpatia. Komunikazio ez bortitzaren teoria horrela bizi dute Pascualek eta Carreterok. Praktikan jartzeko aukera dago astelehenetan, 14:45ean Tolosako Lanbide Heziketan, eta izena emateko gurasoforoa@gmail.com helbidera idatz dezakete herritarrek. Egunero izaten ditugun gatazkak eta harremanak kudeatzen ikasteko aukera ezin hobea, norbanakoaren burua eta besteen burua ulertuz, zainduz eta errespetatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!