Andu Martinez De Rituertok errekorra jarri du

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 7a, 17:35

Master txapelketak (lehen beteranoak) 35 urtetatik aurrerako atletentzat egiten dira eta bost urteko adin tarteetan banatzen dira: 35-39/ 40-44/ 45-49...

Pasa den asteburuan, Salamancan, Espainiako Atletismo Master Txapelketa jokatu zen. Gure atleten emaitzak honako hauek izan ziren: Juan Carlos Etxebestek M60 kategorian 60 eta 200 metrotako lasterketetan finalean sartzea lortu zuen. 60 metroko finalean 5. izan zen 8.87ko markarekin. 200 metroko finalean 6. izan zen 29.14ko denborarekin. 400 metrotako froga ere egin zuen, 7. markarik onena lortuz 1. 06,82 eginaz.

Emaitza oso onak eta forma ederra erakutsi digu Moxok hiru egunetan bost lasterketa on eginez.

Andu Martinez de Rituertok bost frogaz osatutako M50 pentatloia irabazi zuen honako emaitzak lortuz: 60 metro hesietan 9.86 (Euskadiko errekor berria), luzera jauzian 5.31 metro, pisu jaurtiketan 9.85 metro, altuera jauzian 1.68 metro eta bukatzeko 1.000 metrotako lasterketan 3.26. Guztira 3.484 puntu lortu zituen Martinez de Rituertok, Euskadiko errekor berria ezarriz.

Ea bi aste barru emaitza hauek hobetzeko gai den Madriden ospatuko den Europako Txapelketan.

Sergio Romanek M40 kategorian 3.000 metroko lasterketan ez zuen bere egunik onena izan eta 9.12ko markarekin 14. gelditu zen. Etorriko dira egun hobeak. Aupa Sergio.

Bukatzeko esan Armando Roca, gure atletarik beterano eta sarituena joatekoa zela 60 metro M80ko lasterketan parte hartzera baino azken uneko lesio bat dela medio ezin izan zuen joan. Laster sendatu Armando!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!