M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

Beste sistema bat marrazteko garaia heldu delako, planto

Ataria 2018ko mar. 7a, 10:34

Biharko eguna berezia izango da, mugimendu feminista batu eta greba deialdia egin du; nahikoa dela esateko eguna izango da Martxoaren 8a, sistema iraultzeko lehen urratsa emango dute emakumeek

2018ko Martxoaren 8ak aurrekaria ezarriko du. Mundu mailako greba feministaren eguna izango da biharkoa; 150 herrialde baino gehiagotan egin dute grebarako deia eta Euskal Herrian oihartzun handia izango duela dirudi. Mugimendu feministak egin du grebarako deia, eragileetatik eta behetik gora hazten joan den deia da biharkoa, eta Tolosaldean ere izango du eragina. Lan merkatu klasikoari eragiten dion deialdia da grebarena eta ondorioz, sindikatuek ere izan dute zeresana; Euskal Herriko gehiengo sindikalak bat egin du lanuztearekin. Arlo guztietan izango du eragina, gizarte heteropatriarkalean emakumeen esku uzten baitira, batez ere, zaintza lanak, eta horietan eragiteko asmoa ere badu deialdiak. Ikusten ez den eta, are gehiago, ordaintzen eta baloratzen ez diren lan horietan ere planto egiteko beharraz hitz egin du mugimendu feministak. Izan ere, mugimendu feministak lanaren kontzeptua bera birplanteatu beharraz hitz egiten du, eredu osoa aldatuko duen proposamen politikoak atera nahi dituzte kalera.

Emakumeok* planto manifestuak berak dioen bezala, bide luze baten abiapuntua izango da biharkoa, alternatiba feminista bat eraikitzeko lehen urratsa.

Mundu mailako deialdia da eta Tolosaldean ere eguna antolatzeko batzarrak eta deialdiak egin dira azken asteetan. Behetik gora gorpuzten joan den deialdia denez, herriz herriko mobilizazioek berebiziko garrantzia izango dute. Tolosaldean Tolosan egin dituzte deialdi orokorrak; 12:00etan egingo dute goizeko mobilizazioa eta 19:00etan arratsaldekoa. Ez dira ekitaldi bakarrak izango, herri bat baino gehiagotan ere elkarretaratzeak eta bestelako ekitaldiak antolatu baitituzte.

'ATARIA'

ATARIA-k ere bat egiten du nazioarteko greba feministaren deialdiarekin eta horren eragina ere nabaria izango da. ATARIA-k egunero-egunero egiten du bat aldarrikapen feministekin eta hori ikustarazteko biharko eguna baliatu besterik ezin du egin.

ATARIA osatzen duten emakumeek planto egitea erabaki dute eta egun osoko lanuztea egingo dute, eta horrek, eragina izango du eguneroko jardunean, ezinbestean. Koordinatze lanak, bai orokorrak eta baita astekarikoak ere, emakumezkoek egiten dituzte eta planto egitea erabaki dutenez, lan horiek bihar, gizonezkoek egin beharko dituzte. Emakume kazetariek ere aski da esatea erabaki dute, eta beraz, ez dute lanik egingo.

ATARIA osatzen duten gizonezkoen ardura izango da beraz, Martxoak 8ko greba feministak ematen duena irakurle eta entzuleei helaraztea, eta ostiraleko astekarian ere antzemango da emakumeen hutsunea.

ATARIA proiektua ez da erredakzioan hasi eta bukatzen, eta horietan ere izango du eragina plantoak. ATARIA banatzeaz arduratzen den enpresan, Etxerainon, emakumeek ere planto egitea erabakdute, eta beraz banaketan ere izango du eragina Martxoaren 8ak. Alegian, Tolosan, Villabonan (Larrean izan ezik) eta Zizurkil Behean ez da ATARIA-rik banatuko. Atarikideek egunkaria jaso nahi izanez gero San Esteban auzoko bulegotik pasa beharko dute.

ZERBITZU PUBLIKOAK

Asko dira greba feministarekin bat egingo dutela esan duten emakumeak eta horrek eragina izango du Martxoaren 8ko egunerokoan. Udaletxe bat baino gehiagotan emakumeak ez dira lanera joango edota sindikatuek egindako lau ordutako lanuzteekin egingo dute bat, hau da, 11:00etatik 15:00etarako edo 18:00etatik 22:00etarako lanuzteekin egingo dute bat, eguneroko martxan grebaren ondorioak, ikusaraziz.

Garraio publikoan ere izan dezake eragina. TSST konpainiak esate baterako, hainbat linea bertan behera utziko dituela esan du.

Dena den, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailak zerbitzu minimoak finkatu ditu, nahiz eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas, EHNE-Bizkaia eta Hiru) errekurritu egin dituen, «neurriz gaindikoak» direla salatuz.

Eskualdeko ikastetxe bat baino gehiagotan lan egiten duten emakumeek ere plantoarekin egin dute bat, eta beraz, eskola askotan nabaria izango da plantoaren eragina.

Ezohiko deialdia da biharkoa etorkizun orekatu eta parekideago bat eraikitzen lagunduko duena eta egiturazko desberdintasun sistematikoa irauli nahi duena.

Horregatik lan arloaz gain, kontsumori planto egiteko deia ere zabaldu du mugimendu feministak.

EGITARAUAK

Martxoak 8

Asteasu.
Eskualde mailako deialdiekin bat egiteko deia egin dute.

Alkiza.
Alkizako eskolako ikasleek Alkiza eta emakumea lelopean egindako marrazkien erakusketa ikusi ahal izango da, kultur etxean.

Alegia.
19:00etan elkarretaratzea plazan. Ondoren, Erradikalak gara lana, Elizpe zinean.

Amasa-Villabona.
11:00etan herri guztian zehar, udaletxetik hasita kalejira zaratatsua egingo dute herrian zehar. Kalejira batzeko puntu moreetara gerturatzeko eskatu dute, hau da, Errebote plaza, anbulatorioa, Malkar plaza, Xalduko biribilgunea eta Olaederra kiroldegira.
19:00etan elkarretaratzea Malkar plazan.

Anoeta.
11:00etan kontxe karabana abiatuko dute.
12:00etan Tolosako Trianguloan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.
19:00etan kazerolada eta asanblada, plazan.

Aduna.
Greba feministarekin bat egiteko deia egin dute.

Albiztur.
Eskolan Marimutila naiz eta zer? liburuaren irakurketa egingo dute, eta horrez gain, Emakumeok planto aldarrikapenaren inguruan pankarta egingo dute.
11:30ean elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.

Altzo.
Eskualde mailako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Amezketa.
Egunean zehar norberak «nahi edo ahal duen moduan» plantoarekin bat egitera animatu dituzte emakumeak.
19:00etan elkarretaratzea udaletxe aurrean. Ondoren, pintxo potea egingo dute Amezketa Kantarikoekin batera.

Berastegi.
19:00etan elkarretaratzea, Berastegiko Batukada taldeak lagunduta, plazan. Bertan, Emakumeen Nazioarteko manifestua irakurriko dute eta ondoren batukada taldearen emanaldia egongo da.

Elduain.
Emakumeek bazkaria egingo dute kontzejuan.

Bidania-Goiatz.
11:00etatik 15:00etara berdintasuna lantzeko tailerrak egingo dituzte: amantalak egin eta eskolako balkoian zintzilikatuko dituzte; nesken irribarreei argazkiak atera eta poster erraldoia osatuko dute; Dale una bofetada bideoa ikusiko dute; eta Zein polita zaren eta Denok zu abestiak abestuko dituzte. Bukatzeko hausnarketa egingo dute.
19:00etan elkarretaratzea egingo dute erabilera anitzeko eraikinaren aurrean, eta jarraian, erabilera anitzeko gelan bertan, Saharako emakume bati buruzko filma ikusi ahal izango da ,Coria eta itsasoa.
Bestalde, brotxeak egingo dituzte herriko taberna eta dendetan banatzeko.

Ibarra.
12:00etan giza katea plazan, festetako zapia eramateko eskatu dute, eskuan jartzeko.
19:00etan eskualde mailako Tolosako deialdiarekin bat egiteko deia egin dute, eta Zerkausira jaitsiko dira.

Ikaztegieta.
Tolosako eskualde mailako 12:00etako mobilizaziora joateko deia egin dute, eta baita 20:00etan Donostian egingo den manifestaziora joatekoa ere. Tolosara joateko 11:50eko trena hartzeko gonbita egin dute eta Donostiara joateko 18:55ekoa hartzekoa.

Tolosa.
10:30ean kotxe karabana Usabal kiroldegiko aparkalekutik.
12:00etan mobilizazioa Trianguloan.
19:00etan ekimen feminista Zerkausian.

Orexa.
21:30ean Bakean dagoena bakean utzi emanaldia, Ostatuan.

Ekitaldi gehiago, Agendan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!