Tolosaldea Bus Greba

Langile eta erabiltzaileak batera

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 7a, 07:59
7.000 sinadura eraman dituzte Gipuzkoako Foru Aldundira.

Murrizketarik ez! herri plataformak Foru Aldundiak garraio publikorako egindako aurre proiektuaren aurka 7.000 sinadura bildu ditu, horietako 2.500 Tolosaldean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean duen garraio publikoaren gaineko aurreproiektuak Tolosa eta Donostia artean zerbitzua ematen duen TSSTko hainbat linea bertan behera uztea aurreikusten du. Tolosaldea ez da murrizketak jasango lituzkeen eskualde bakarra, Buruntzaldean ere nabarmen egingo luke behera garraio publikoko zerbitzuak. Garayar Autobusak, Areizaga Anaiak eta Tolosaldeako TSST dira bi eskualdeetan zerbitzua ematen duten enpresak. Aldundiaren zirriborroaren arabera, hainbat linea bertan behera geratuko dira eta linea batzuetako geltokiak ere kenduko dituzte. Tolosaldean Tolosa-Irura-Villabona-Donostia ibilbideko T5 linean, %22ko murrizketa aurreikusi dute, eta asteburuetan ostiral gaueko zerbitzua kendu nahi dute.

Egoera honen aurrean Murrizketarik ez! herri plataformako kideak mobilizatzen hasi dira.

Plataforma erabiltzaileek eta kaltetuak izan daitezkeen enpresetako langileek osatzen dute. Informazioa konpartitzeaz gain, bi dira abiarazi dituzten ekimenak: batetik, aurreproiektuaren aurkako sinadura bilketa egin dute eta 7.000 bildu dituzte, horietako 2.500 Tolosaldean eta, bestetik, alegazioak ere egin dizkiote proiektuari.

Mikel Von wichmann (Hernani, 1991) plataformako kidea da eta zirriborroa nondik datorren azaldu du: «Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko irailean aurkeztutako aurreproiektuak Buruntzaldea eta Tolosaldeako autobus zerbitzuek izugarrizko murrizketak jasan ditzaketela ikusi genuen. Zerbitzuen %20 eta %60 artean murriztu nahi dituzte».

110 LANGILETIK 30 KALERA

Murrizketen ondorioz bi izango dira kaltetu nagusiak: erabiltzaileak eta langileak. «Langileei dagokienez esan behar dugu, bi eskualdeetan 110 langile inguru daudela eta 30 bat langilek dute kalean geratzeko arriskua. Erabiltzaileak aipatzerakoan jada nahiko eraso jasaten dituzten taldeek jasango dute eragina; ikasleak, emakumeak eta langileak, oro har. Ez da guk esaten dugun zerbait, Foru Aldundiak emandako datu objektiboek diote autobus erabiltzaileen profila hori dela, berez zigortuta dauden sektoreak, alegia», esan du Von wichmannek.

Plataformako kideek bildutako 7.000 sinadurak pasa den asteartean eraman zituzten aldundira, baina hori ez da aurreproiektuari jarritako muga bakarra; 5.000 alegazio ere aurkeztu dizkiote proiektuari.

«Foru Aldundiak zirriborroa atera du eta epealdi bat ireki du aurkako alegazioak egiteko. Eragile sozialetatik, sindikatuetatik, udaletatik eta norbanako bezala, herritarren eskutik, ia 5.000 alegazio egin dizkiote. Foru Aldundiak orain alegazioak erantzun beharko lituzke, baina asko dira eta ez dugu uste guztiak erantzungo dituenik. Gure ustez, dena den, udalek egindako alegazioei erantzun beharko liokete, eta baita sindikatuek langileei dagokienez egindakoei ere».

Aurreikuspenen arabera aurreproiektuaren behin betikotasuna urtea hastearekin eman behar zen, baina oraindik ez dute pausorik eman zentzu horretan, «presioa egiteko aukera dugu oraindik», esan du.

«Ondorioz egiten dugun irakurketa da aurreproiektuarekin jarraitzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dutela behin betiko egin. Berez Foru Aldundiak formetan akatsak dituzten alegazioak onartu beharko lituzke, eta zentzu horretan, gutxienez badira aurreikusitako hainbat linea bertan behera utzi beharko lituzketenak, ezinezkoak baitira, zerbitzu horiek ematen dituzten enpresetako arduradunek ere esan dute ez direla posible», gaineratu du. Alegazioak ez ditu plataformak bakarrik jarri, zerbitzua ematen duten hiru enpresek ere jarri dituzte.

ZERGATIAK

«Foru Aldundiak esaten du gastu handia suposatzen duela orain arteko zerbitzuak mantentzea eta baliabideak arrazionalizatu behar dituela. Gure ustez egia da badirela asko erabiltzen ez diren zerbitzu batzuk, baina eskatzen dioguna da murrizketak egiterako garaian langileekin eta erabiltzaileekin adostasun batera iristea, bilerak deitu eta hitz egitera eseritzea», esan du plataformako kideak.

«Aurreproiektu honek aurreikusten duena da zein zerbitzu eta zein baldintzatan eman behar diren, eta horren aurrean hainbat enpresa aurkeztuko dira eta Foru Aldundiak lizitatuko ditu zerbitzuak. Guri ez zaigu horrenbeste axola zein enpresak emango duen zerbitzua, zerbitzua mantentzea eta zein baldintzetan emango den da arduratzen gaituena», gaineratu du.

Zentzu horretan langileen segurtasunak ere kezka sortzen diela esan du. «Ikusten dugu Foru Aldundiari ez zaiola inporta. Langileek behin eta berriz eskatu dituzte segurtasuna bermatzeko neurriak; linea batzuetan, Hernani inguruan sagardotegi garaian esaterako, erasoak izan dituzte... eta Foru Aldundiak ez du ezer aurreikusi aurreproiektuan segurtasunari dagokionez», azaldu du.

Bilera ere eskatu du Murrizketarik ez! herri plataformak Trafiko buruarekin, Marisol Garmendiarekin, bildu nahi du, eta uste du aurkeztutako sinadura guztiek aintzakotzat hartzeko modukoa egiten duela plataforma. «Gure ustez aurkeztutako sinadura guztiek legitimatu egiten gaitu interlokutore bezala bilera bat edukitzeko», esan du.

 

HAINBAT DATU

Autoak. Gipuzkoa da autoen erabilera altuena duen lurralde historikoa.

Biztanleria. 2016an kontzesioen eremuan, hau da, Tolosaldean eta Buruntzaldean, 97.352ra igo zen biztanleria.

Lekualdatzeak. Epe berean eta bi eskualdeetan 130.864 desplazamendu gehiago egin ziren. * Iturria: Murrizketarik ez! plataforma.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!