EHAZEren geroa ezbaian

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 6a, 09:32

Durangoko Azokan aurkeztu zuten Argazki hau euskaraz mintzo da gogoeta eta iritzi liburu kolektiboa. Bertan ageri denez euskarazko antzerkigintzak osasun egoera ona bizi du.

Igo egin da obren kantitatea eta kalitatea; autonomia handiagoz eta identitate propioz eraikitako proiektuak aurkezten dira agertokietan; publikoaren interesa ere handiagoa da, sortzaileek jendartearen kezka politiko, sozial eta estetikoekin bat egiten dute. Liburuak jasotzen duen beste ideia nagusia da, Ehazeren egoera oso larria dela.

2010eko ekainean abiatu zuen ibilbidea elkarteak. Helburu nagusia euskarazko antzerkigintzaren eskakizunei erantzutearekin batera, euskal gizartegintzan eta kulturgintzan antzerkizaleen ahalegina bideratzea izan da. Ahalegina ezerezean gera daiteke, elkartean ari direnek aipatu dutenez ezegonkortasun ekonomikoagatik eta laguntza eskasiagatik. Egiturari ere ezin diote eutsi: langile bat ordaintzeko modurik ez dute eta «militantzia hutsez» sostengatzen da.

Ehazeko zuzendaritzak elkartearen etorkizunari buruz hausnartu eta hartu beharreko erabakiak bideratzeko «larrialdi talde» bat osatu du eta talde horretan aritzen da Idoia Gereñu tolosarra. Gogoeta egitera gonbidatu eta erabakian parte izatera animatu ditu antzerkizaleak: datorren martxoaren 10ean, 10:00etan hasita, Donostiako Tabakaleran.

Dokumentazio zentroa zintzilik

2014an egindako jardunaldi batzuetan euskarazko antzerkia ardatz izango duen dokumentazio zentro baten beharra jarri zen mahai gainean. Mintzola ahozko lantegiak 2016an hasitako prozesuaren bitartez, dokumentazio zentro horren helburuak eta egitekoak zehaztu ditu txosten batean, eta iazko ekainean aurkeztu zituen Villabonan. Ehazek lagundutako parte hartze prozesuan askotariko eragileek parte hartu zuten 105 lagunek hainbat herritan egindako tailer eta bakarkako elkarrizketetan. «Euskarazko antzerkiaren aktibazio sozialean» lagundu beharko luke zentroak txostenak adierazten duenez. Euskarazko antzerki sorkuntzaren behatoki dinamikoa izatea eta garai eta lurralde guztietan sortu den euskarazko antzerkiaren memoria berreskuratzea eta zabaltzea izango lituzke egiteko bezala.

Mintzola ahozko lantegiak osatutako txostena hartu eta garatzeko borondatea badu antzerkizale elkarteak, beharrezkoa ikusten du zentroa; baina azken urte erdian ez du aurrerapen agerikorik ikusi erakunde publikoen aldetik. Elkarteak ezin du bakarrik egin eta dokumentazio zentroaren egitasmoa lankidetzan egiteko asmoz plazaratu zuela gogoratu du. Gaiaren inguruan Eusko Jaurlaritzak egin dituen azkeneko mugimenduak, kezkaz ikusten ditu.

Ehazeren existentzia bera dute orain aztergai berau osatzen duten kideek. Martxoaren 10ean, 10:00etan deialdia egin diete Tabakaleran elkarteko bazkideei eta azken hilabeteetako balantzea partekatuko dute eurekin. Ondoren, 12:00etan, antzerkizale, antzerkigile eta kulturgileei, oro har, egin diete gonbita. Galdera batzuk jarriko dituzte mahai gainean denen artean erantzun bat eman ahal izateko: «Nola izan daiteke zalea kultur eragile aktibo bat? Zertan izan daiteke Ehaze tresna eraginkor bat? Nola lagundu daiteke euskal antzerkigileen ikusgarritasuna?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!