M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

Atariako emakumeok ere, planto martxoaren 8an

Tolosaldeko Ataria 2018ko martxoaren 2a

TOLOSALDEKO ATARIAko lan taldearen %35 osatzen dugu emakumeok, martxoaren 8an egun osoko greba egingo dugu.

Nazioarteko emakumeon greba deialdiaren aurrean, langile batzarra baliatu dugu TOLOSALDEKO ATARIAn, grebara nola batu erabakitzeko. Gaur egun, lan taldeko %35 osatzen dugu emakumeok, egun osoko greba egitea erabaki dugu: Emakumeok Planto!-rekin bat egin, eta lanuzte hori gure irakurleei ikusaraztea da gure helburua.

Kazetari, koordinatzaile eta aldizkariko arduradun postuei eragingo die gure plantoak, eta ATARIAko erredakzioko eguneroko erritmoari zuzen-zuzenean eragingo dio. Langile batzarrean deialdi feministara batzeko hainbat bide jarri genituen mahai gainean eta, gure ordutegi eta lan-baldintzak aztertu eta gero, egun osoko greba aktiboaren aldeko hautua egin dugu.

Horrela, TOLOSALDEKO ATARIAko gizonezkoen ardura izango da, besteak beste, martxoaren 8ko grebak Tolosaldean ematen duenaren berri ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!