Osasun publikoaren afera

Bi asteko ultimatuma eman diote Asuncion klinikako langileek zuzendaritzari

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 28a, 13:43

Asuncion klinikako langileek epea jarri diote Inviza enpresari negoziazio mahaia deitu dezan. Gaur, 18:00etan Plaza Zaharretik manifestazioa egingo dute eta enpresari "seriotasunez" negoziatzen hasteko eskatuko diote.

Gaurkoarekin batera, datozen 15 egunetan mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute Asuncion klinikako langileek, baina orain arteko lanuzteak bertan behera utziko dituzte.

ELA eta LABek deituta, bi hilabete dira mobilizazioekin hasi zirela eta hainbat lanuzte eta greba egun egin dituztela klinikan eta gaur egindako agerraldian langileek azaldu dutenez, "egoerak ez du hobera egin". Bizi duten egoeraren berri eman dute: "Pertsonal falta egunerokotasunean ohiko bihurtu da, ratioak beste ospitaletan baino altuagoak dira eta ondorioz, lan karga handiagoak ditugu. Klinikako langileak hanka egiten hasi dira baldintza tamalgarrien ondorioz".

Lan baldintzen prekarizazio "sistematikoa" salatu dute langileek eta guzti horrek Tolosaldeko osasun zerbitzuan eragina duela uste dute, 31 herriek pairatzen dutela egoera hori. "Azpiegiturak tamalgarriak dira eta hauetan ez da inbertsio minimoa ere egiten". 2010etik lan hitzarmena berritu gabe dute Asuncion klinikako langileek eta 2013tik negoziazio mahaian ez dute akordiorik lortu, aurrerapauso nabarmenik ez da eman. "Enpresak jarrera lotsagarria du eta beraiek aberasten jarraitzen duten bitartean, gure lan eroste ahalmenean galera ikaragarria jaso dugu azken urteotan", esan dute langileek.

Invizak langile kopurua handitu badu ere, ebentualitatea geroz eta handiagoa dela uste dute langile komiteko kideek eta kontratuetan irregulartasunak, "eguneroko errealitatea" direla salatu dute. Adibide bat ere jarri dute: "lan egitera joateagatik ordaindu behar dugu; klinikako parkinga Montoya jaunarena da eta Geusa enpresaren bitartez kudeatzen du, hortaz, guk egunero bere irabaziak handitzen laguntzen diogu".

Jaurlaritzarekin harremana

Asuncion klinikako langileen lan jardunak, osasun publikoan lan egiten dutenena baino altuagoa dela esan dute gaurko agerraldian. "Orain oposizioak datoz eta administrazio publikoarentzat lan egin arren, gure lan esperientzia ez dute baloratzen". Langileen iritzian klinikak duen kontzertu ekonomikoaren baldintzak ez dira betetzen, "eta gainera irabaziak edukitzea zilegitzat ematen dute".

Egoera "larri" honen aurrean Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuari bilera eskatu zioten langileek eta otsailaren 14an bildu ziren osasun sailarekin. Bileraren ostean, ordea, ez dute aldaketarik nabaritu, zerbitzua "geroz eta prekarioagoa" baita. "Gai honetan berehala esku hartu dezala" eskatu diote, berriz, Jon Darpon sailburuari. Otsailaren 21ean Eusko Legebiltzarrean euren egoera azaltzeko aukera izan zuten langileek EH Bilduren eskutik eta bizi duten egoera "larria" azaldu zieten legebiltzarkideei.

Amaitzeko eskerrak eman dizkiete Tolosaldeko biztanleei, "gure borrokan egunez egun bide lagun izateagatik". Euren egoera sozializatzen lagundu duten komunikabideen lana eskertu eta babesa agertu dieten alderdi politikoak eta alboan izan dituzten gizarte eragileekin akordatu dira.

Bi asteko epea eman diote Inviza enpresari negoziazio mahaia deitu dezan eta "behingoz seriotasunez" negoziatzen hasi dadin. Hori eskatzeko mobilizazioa izango da gaur arratsaldean, 18:00etan, Tolosako Plaza Zaharretik abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!