Udal langileen protestari ere traba egin dio elurrak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko otsailaren 28a

ELA eta LAB sindikatuek udal langileen grebarako deialdi bateratua egina zuten gaurko, baina denboraleak aurreikuspenak aldatu ditu; eskualdean elkarretaratze zenbaiti eutsi diote, baina greba bertan behera uztea erabaki dute batzorde batzuek.

Udaletako eta aldundietako langileak lanuzte eta grebara deituta zeuden gaurko, zerbitzu eta sektore publikoaren alde. Norbere herrian elkarretaratzeak osatu, eta Donostiara bertaratzekoak ziren, herrialdeko manifestazioan parte hartzeko. Elurteak, ordea, protestarako aurreikuspenei ere traba jarri die, eta udal langileek, zenbait kasutan, aldatu egin behar izan dituzte mobilizazioei begira hartutako erabakiak.

Eskualdean, besteak beste, Tolosako, Anoetako eta Irurako udal langileek elkarretaratzeak egin dituzte, udaletxe atarietan. Ordea, deialdia bateratua izanagatik, denboralearen aurrean sindikatu bakoitzak bere erabakia hartu du. LABek elkarretaratzeak bakarrik mantentzea erabaki du, elurteak grebaren eragina murriztu eta langile zenbaiten jarduna bikoiztu duela argudiatuz; ELAk, berriz, eutsi egin dio deialdiari.  Horrela, Tolosan, esaterako, langileek batzarra egin dute elkarretaratzearen aurretik: udal langileen greba bertan behera uztea erabaki dute, elkarretaratzea bakarrik eginez.

Mobilizazioak administrazioetako arduradunen jarrera salatzeko antolatuta zeuden, "egoerari buelta ematen saiatzeko. Sektore publikoan lanpostu asko galdu egin direla diote sindikatuek, eta behin-behineko kontratazioek gora egin dutela.

Gaur egun, behin-behineko lanpostuen tasa %36koa da, baina, sindikatuek uste dute, Eudelekin sinaturiko Udalhitz protokoloak, gehienez ere, behin-behineko lanpostuak %6 izatea baimendu beharko lukeela. Finean, zerbitzuen pribatizazioa salatu nahi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!