Urrezko bi domina eskuratu ditu Txomin Ortiz de Zaratek, AEBn

Ataria 2018ko ots. 27a, 10:50

Asteasuarrak mendiko eskiko AEBko Txapelketa Nazionalean lortu ditu bi dominak, junior mailan: bat bakarka, eta bestea bikotekako proban.

Txomin Ortiz de Zarate asteasuarra Estatu Batuetan da, ikasten, baina ez du alde batera utzi bere zaletasun hadienetako bat: mendiko eskia. Asteburuan AEBko Txapelketa Nazionalean hartu du parte, eta urrezko bi dominarekin itzuli da etxera, gertatutakoa ezin sinetsita.

Ostiral eguerdian amaitu zituen eskolak, eta zazpi orduko bidaia egin zuen autoz Brighton (Utah) aldera. Han jokatu zen txapelketa. Larunbatean jokatu zuen lehen lasterketa, bakarkakoa. "Orain arte ez dut horrelako lasterketarik egin. Inoiz", aitortu du sare sozialetan. Bada, egindako lanak saria izan zuen. 2.100 metroko maldari egin behar izan zion aurre, 3 igoera eta beste 3 jaitsierekin. 2 ordu eta 37 minuturen ondoren, txapeldun izan zen asteasuarra. "Ez nuen sinistu ere egiten. Lehenengo urtea junior mailan eta txapeldun. Oso pozik nago".

Igandean, berriz, binakako lasterketa jokatu zuen, Henry Boydeekin batera. Lasterketa ikusgarria izan zela dio: 2.800 metroko malda, sei igoera, jaitsiera teknikoak, bi ertz... "Ikaragarria izan zen ibilbidea, gozatu itzela hartu genuen". Euskaldunak eta amerikarrak osatutako bikoteak 4 ordu behar izan zituen helmugara iristeko. Eta berriro ere txapeldun junior mailan.

Mendiko eskian lehiatzen duenetik izan duen "astebururik gogorrena" izan dela aitortu du Ortiz de Zaratek: "Gogorrena, baina ederrena ere bai. Bidaiak, ia 5.000 metroko malda bi egunetan... Baina oso oso pozik nago, eta indartsu sentitzen naiz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!