[Gutuna] Zentsura Enirio-Aralar Mankomunitatean

Edurne Huesa (Landarlan Ingurumen Elkartea) 2018ko ots. 27a, 09:30

Asteazkenean, hilaren 21ean, Enirio-Aralar Mankomunitateak ez ohiko batzarra egin zuen puntu bakarra lantzeko: Aranzadi Zientzia Elkarteari Aralarri buruz egin berri duen azterketa aurkezteko deia egitea, Mankomunitateak eskatuta.

Emaitzari dagokionez, mankomunitateko zazpi herritako ordezkarik, informazio hau publiko egitearen alde bozkatu zuten, eta beste zazpik kontra. Kontra bozkatu zuenetariko bat Ordiziako alkate eta Mankomunitateko presidentea da, lehendakari izateagatik duen pribilegioa erabiliz berdinketa hautsi zuen bere alde eginez.

Beste modu batean esateko, Mankomunitateko 7 herritako ordezkarik ez dute jada amaituta dagoen lan bat gizarteratu nahi izan. Informazioa publiko egiteari uko egin diote egi absolutua beraiena dela ulertzera emanez eta zientzia elkarte prestigioduna gutxietsiz eta mespretxatuz. Zentsuraren garaira bueltatu garela dirudi.

Gainera, Mankomunitateko presidenteak, iazko urtarrilean Batzar Nagusietan Aranzadik egindako azalpenak tamalgarritzat jo zituen bere interes partikularrekin bat ez datozelako. Interes partikularrak, denona den eremu publiko baten onuraren eta legediaren gainetik jarriz aurrera jarraitu nahi dute, erabakia hartuta dagoela argudiatuz.  

Bestalde, demokrazia eta botazioen emaitzak dira beraien beste argudioetariko bat. Baina demokratikoa al da Ordiziako alkatearen kasuan herrian gutxiengoan egonda bere interes pertsonalak defendatzen dituen botoa ematea? Eta besteei dagokienez, demokratikoa al da kargu politikoak izanik norberaren interes partikularrak gizartearen onuraren aurretik jartzea?

Epe motzeko ikuspegiak kudeaketa antzua dakar berarekin. Aralar bakarra dugu eta bertan egiten duguna zentzuz eta aurretiko plangintza batekin egin behar da.

Edurne Huesa  Landarlan Ingurumen Elkartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!