Itsasoan ere ahuntzak mendira

Asier Imaz 2018ko ots. 26a, 21:34
Ezkerrean aurrean, Luis Olea eta atzean, Agustin Pagola tolosarrak. Eskuinean, Matias Zubeldia asteasuarra.

Lau tolosar eta asteasuar bati arraunak deitu die, 30-40 urte ondoren. Luis Olea, Mikel Ezeizabarrena, Nec Rudel, Agustin Pagola eta Matias Zubeldia gaztetan arraunlariak izan ziren, kirolari gehienei bezala, adinak nahikoa da esan zien arte. Beranduegi zen. Behin arraunaren arra odolean sartzen denean, betirako da, eta adinak ere ezin du ezer egin horren aurka.

Agustin Pagola gaztetan Orio eta Tolosako Beletako arraunlaria izan zen. Lagun baten bitartez iritsi zitzaion deialdia 61 urte egitera doan tolosarrari: «Lehen ibilitako arraunlariak behar zituztela esan zidan tolosar batek, eta berriro hastea erabaki nuen, eta aurtengoa laugarren denboraldia izango da». Matias Zubeldia asteasuarrari Pagola berak deitu zion: «Lasarte Michelinen ibili nintzen arraunean, 17 urtetatik 19ra bitarte. Taldea desagertu zenean arrauna ere bukatu zen niretzat. Orain, 60 urteren bueltan, erretiroa hartuta, Agustin Pagolak animatu ninduen. Hasieran beldur pixka batekin hasi nintzen, baina gero oso gustura». Eta aurtengoa, asteasuarraren hirugarren urtea izango da.

Arraun denboraldia hasi berria da, baita beteranoen mailan ere. Aurrena,  denboraldi-aurre moduan, jaitsierak izaten dira eta ondoren liga. Lehiakortasuna badagoen arren, beteranoek beste helburu batzuk ere izaten dituzte: «Gure adinean kirola egitea oso ondo etortzen zaigun zerbait da», dio Pagolak. «Taldean egiten den kirol bat izateak ere laguntzen du, gure artean beti oso giro ona egoten delako. Beste kirol batzuk egin izan ditugu, baina ahuntzak beti mendira tiratzen du», gaineratzen du tolosarrak. Zubeldiak ondo ulertzen du Pagolak diona: «Alabak esan izan dit ea arraunarekin zer dudan; behin hasten zarenean harrapatu egiten zaitu, eta grina hori barruan geratzen zaizu».

Denboraldi honetako lehen jaitsiera Portugaletekoa izan zen. Fortuna nagusitu zenez, eskualdeko arraunlariek bandera lortu zuten. Itsasotik kanpo urteak pasa arren, garaipenekin bat arraunera segidan egokitzen da; baina, ontzi berrietara? «Izugarrizko aldea dago. Orain ibiltzen dugun ontzia berrietan zaharrena da, duela 16-17 urtekoa. Baina fibrazkoa da, eta ez dauka zerikurisik gure garaikoekin», dio Pagolak. «Gure garaikoekin ez dauka zerikusirik, baina ez eta gaur egungoa ere. Amilibia berri bat hartzen duzunean Formula Batean zabiltzala ematen du», gaineratzen du Zubeldiak. Biek, ordea, badakite batean zein bestean, lehengokoetan edo oraingoetan, gauza bat ez dela aldatu arraunean: «Iaz, Galizara joan ginen Txapelak gonbidatuta. Bederatzi tripulazio ginen, eta hiru ontzi bakarrik zeuden. Zozketa bidez egin genuen, eta aurrenekoan Amilibia bat tokatu zitzaigun. Irabazi egin genuen. Gero Cuesta zahar bat tokatu zitzaigun, eta hala eta guztiz ere irabaztea lortu genuen. Ez da ontzia bakarrik, hor eman egin beharra dago».

Beteranoen liga maiatzean hasiko da. 45 urtetik gorako arraunlariek hartuko dute parte. Hortik gora, adin tarte dezenteko arraunlariak ibili ohi dira. Fortunan, adibidez, iazko patroiak 70 urte zituen. «Ligan giro ona egoten da traineru guztien artean. Bukatzean denok elkarrekin geratzen gara. Sasoian iristeko astean hiru entrenamendu egiten ditugu; ordu t’erdikoa bakoitza», dio asteasuarrak. Negu giroan bi entrenamendu kiroldegian egiten dituzte, eta bat uretan. Martxoan hasiko dira alderantzizko lanetan. San Juan, Hibaika edo Hernaniren baliabideak eskura izan dituzte, eta itsasora Trintxerpetik ateratzen dira Fortunakoak.
Iazko denboraldian sailkapenaren erdian ibili ziren eskualdekoak, laugarren eta bosgarren postuetan. Aurten koxka bat gora egin nahi dute. «Helburua ligan aurreneko hiruren artean sartzea izango da, eta bandera bat irabaztea», dio Zubeldiak. Denboraldi-aurrean ez dira gaizki hasi. Lehen jaitsieran, Portugaleten, bandera lortu zuten. Bigarrengoan, Hondarribian, Zarautzen atzetik bigarren sailkatu ziren, eta joan den asteburuan, Orioko Jaitsieran, zortzigarren egin zuten. TKE ligako traineruek bezala, jaitsierak test moduan hartzen dituztela dio Pagolak, arraunketa palada gutxiagorekin eginaz: «Bihotzak nola erantzungo duen oraindik ez dakigu, ondo prestatu gabe gaudelako. Ligarako punttuan jartzea da estropada hauen helburua».

Ligan Ipar Euskal Herriko traineru bat, bost bizkaitar, hiru gipuzkoar eta Kantabriako bat ibiliko dira. Iaz, Gipuzkoarren euren arteko txapelketa antolatu zuten, eta aurten bizkaitarrak hori lortu nahian dabiltza. Lortuz gero, Euskadiko Txapelketa jokatzeko aukera izango lukete.

Getxo eta Argote dira puntan ibiltzera deituta dauden traineruak, Zumaia atzetik dutela. Fortunakoak horien tartean sartzen saiatuko dira, Zarautz ahaztu gabe. «Hondarribiko Jaitsieran azken hauen atzetik geratu ginen. Gure ondoan armairuak bezalakoak zirela onartu beharra dago. Ligan, munduko txapeldun izandako arraunlarien aurka aritu gara, edo bere garaian Kontxa irabazi zutenen aurka. Batzuek, oraindik, buzoa janzten dutenean TKE-ko arraunlariak dirudite», dio umoretsu Agustin Pagola tolosarrak.
Jaitsierak, Liga, Gipuzkoako Txapelketa, agian Euskadikoa, eta nork daki, Kontxako Bandera izan daiteke hurrengoa. Matias Zubeldiaren esanetan, «ume koxkor bati goxoki bat ematea bezala izango litzateke. Gaztetan irabazi ez genuena beteranoetan irabaztea izugarria izango litzateke». Aukera hori, agian, hain urruti ez dagoela dio Agustin Pagolak: «Donostiako Udalarekin Fortunak harreman oso ona dauka, eta zerbait hitz egiten ari gara. Guri izugarrizko ilusioa sortuko liguke, eta elkarrizketa horiekin ea zerbait lortzen den».

 

BETERANOEN DENBORALDIA
PORTUGALETEKO JAITSIERA
1. Fortuna            
2. Arkote            
3. Zarautz            

HONDARRIBIKO JAITSIERA
1. Zumaia            
2. Fortuna            
3. Zarautz            

ORIOKO JAITSIERA
1. Arkote            
2. Zarautz            
3. Pontejos            
4. Fortuna            

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!